Ertzetatik astindua
Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak izan berri ditugu asteburu luze honetan Durangon. Salda Badago lemapean izan dira eta feminismoan nahikoa salda badagoela ikusi, entzun eta sentitu dugu. Bereziki, sentitu eta hori oso positiboa da. Datozen urteetan zein gaien inguruan hausnartu eta lan egin beharko dugun garbi geratu zaigu.
3000 lagun baino gehiago elkartu gara aurten Durangon. Mahai inguruak, tailerrak, ikuskizunak, eztabaidak izan ditugu hiru egun hauetan. Haietako batzuk denok batera, beste batzuk talde txikiagoetan antolatuta eta guztiak jendez gainezka. Tailerrak segituan betetzen ziren eta beraz, batzuetan aurretik landutako gaiak eztabaidatzeko eta iritziak elkar partekatzeko denbora izan genuen.
Ertzetatik etorri zaigu astindua. Ez da erreza jardunaldiz jardunaldi zer landuko den aukeratzea. Hiru egunetan zer landu nahi den eta jardunaldiak prestatzen aritu diren kolektiboek lan ikaragarria egin dute horretan. Ertzetan dauden subjektuak eta haien diskurtsoak erdigunera ekartzea izan da aurtengo jardunaldietako puntu nagusia eta nik uste oso ongi asmatu dutela horretan.
Dekolonitatearen inguruan egin zen mahai inguruak astindu gaitu gehien dudarik gabe. Kide arrazializatuak oso garbi adierazi zuten haien iritzia eta urteetan sufritzen ari direna. Txuri izateagatik eta jaio garen lekuan jaiotzeagatik ditugun pribilegioak gogorarazi zizkiguten. Publikoan zeuden batzuei Euskal Herriak jasan behar izan duen zapalkuntza gutxiesteak min eman zien. Nik uste ez zutela gutxietsi nahi izan. Ez zutela asmatu justu puntu horren inguruan hitz egiterakoan. Ez dut uste haien asmoa gure herriak eta herritarrek jasan behar izan dugun eta jasaten ari garena gutxiestea zenik. Txuri izateagatik ditugun pribilegioak azpimarratzea bai ordea. Orokorrean, bizi garen lekuan bizi garelako, gure bizi maila, modua eta aukerak ikaragarriak dira eta horren inguruan ari ziren eta horrek min egin zien batzuei eta jarri behar gintuzten lekuan jarri gintuzten. Ez da inolaz ere erosoa horrelako zerbait entzutea baina are deserosoagoa da horrelako zerbait esan behar izatea.
Zer hausnartu eta zer landu badugu orain. Ikasteko irrikitan gaude eta badugu nork erakutsi. Aliantzak eta zubiak eraikitzeko beharra eta nahia dago eta hori elkarrekin egingo dugu.
Alaitz Amundarain
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!