“Erraietatik madarikatzen zaituztet” -Koldo Alzola-
Aurreko bi kolaborazioetan ez bezala, oraingo honetan beste gai batez aritu nahiko nukeen; baina errealitate tematiak etengabe Palestinara narama. Gaur Nakba eguna da, hondamendiarena. Gaur, 2018ko maiatzaren 15ean, 70 urte betetzen dira mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu zuenetik; ospakizun eguna palestinarren garbiketa etnikoaren defendatzaileentzat eta zorigaiztoko efemeridea zazpi hamarkada geroago, amaigabeko gurpil zoro makabro batean murgilduta izanagatik, egoskor bizirauten duen herriarentzat.
Gaurkoan 1948an erbestera bultzatutako 800.000 errefuxiatuez hitz egin nahiko nukeen, eta NBEaren 194. ebazpenak onartzen dien itzultzeko eskubideaz. 1947ko 181. ebazpena ere ekarri nahiko nukeen lerrootara, Jerusalemeko esatus berezia ezartzen duena, eta zeinaren arabera herrialde baten enbaxada bertan kokatzea legez kanpokoa den. Eta 1980ko 478.a, Jerusalemeko alde bakarreko anexioa kondenatzen duena. Eta, hurrenez hurren, Israelgo erregimen sionistak inongo ondoriorik gabe 70 urte hauetan urratutako NBEaren 88 ebazpenak ere zerrendatu nahiko nituzkeen. Argudio sendoz eta datuez hornitutako artikulua idatzi nahiko nukeen, objektibotasun itxura ematearren, sinesgarriagoa egiteko nire diskurtsoa. Baina gaurkoan ezin dut. Gorrotoa besterik ez dut.
Ikusita dauzkat Gazan tirokatutako manifestarien gorpuak, harriak eta adorea beste armarik ez zutela, armada sionistaren frankotiratzaileen balei aurre egiten. “Itzuleraren Martxa Erraldoia” izeneko kanpainia hasi zentetik 100 hildakotik gora eta 8000 zauritu baino gehiago izan dira. Aldea dago 100etik 8000ra. Pentsa genezake munduko armada suntsitzaileenetako baten frankotiratzaileek punteria txarra dutela. Baina ez, ondotxo dakite israeldarrek eraildako manifestaria zulora doala, eta hil eta gero salda bero; baina zaurituak, gehienak anputazio traumatikoak pairatuko dituztenak, zama bat bilakatzen direla komunitatearentzat, gainezka egindako osasun sistema prekarioarentzat, eta euren familientzat. Ondotxo programatutako eta diseinatutako sarraski ankerra da.
Eta sumina eragiten dit hainbesteko ankerkeriak. Eta ezin diet objektibotasun itxura eman lerro hauei, ezin baitut eraman sentitzen dudan goragalea. Batez ere, halabeharrak borreroen aldean kokatu nauelako. Ezinegona eragiten dit jakiteak palestinarrei gorputz adarrak birrintzen dizkieten bala horiek Gasteizko Sidenor lantegiko altzairuaz eginda daudela, eta soldaduak Gazarekiko mugara garraiatzen dituzten autobusak IRIZARrenak direla, eta Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotzeko diseinatutako tranbia CAF enpresak egina dela. Uste baino gertuagotik ukitzen gaitu etengabeko Nakba honek.
Alferrikakoak dira gaurkoan milaka aldiz errepikatutako analisi antzuak; alferrikakoak, halaber, datu zorrotzak; eta nazioarteko erakundeen ebazpenak; eta gaitzespenak; inori gutxiri axola dizkiotelako. Palestina bakarrik dago. Eta nik, gaur eta hemen, errefuxatu egiten diot borreroen aldean kokatzen nauen patuari, eta aldarrikatu egiten dut neu ere palestinarra naizela. Gaur Palestina naiz, eta barruan dudan gorroto guztia okaztatu baino ezin dut egin, eta zazpi hamarkadaz iraunarazi nauen herraz madarikatu egiten zaituztet. Denborak historiaren zabortegira bidaliko ahal zaituzte!
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!