“Elebakar gutxiago” -Blanca Urgell-
Zaldieroren herenengungo zintan @listocomics|en perpausa ageri zen: “Elebakar gehiegi daude”. Euskal Herriak gauza asko ditu onak, baina denetan onena euskara bera da, noski, eta bigarren lekuan are elebakarrek ere badakitela beste hizkuntza bat maitatzen, edo miresten edo, “Europako hizkuntzarik zaharrena” delakoan gutxienez (Ixo! Ez esan gezurra dela!).
Txikitan —lehenago ere kontatuko nuen noizbait— ez nekien euskara zenik ere. Deskubrituz joan nintzen, batez ere Franco hil ondoren —artean nik 13 urte nituen— estalkia kendu baitzitzaien Gasteizen, nire inguru beldurtuan behintzat, lehen ondo estalita zeuden hainbat gairi. Orduan izan genuen, aldi berean poti-poti ederrean, sozialismoaren, komunismoaren, anarkismoaren eta abertzaletasunaren nolabaiteko berri ere. Euskal abestien letrak nola edo hala lortu eta buruz ikasten genituen; nekez itzultzen nituen orain Vital Kutxa denak atera zuen hiztegi nimiñoarekin. Europako hizkuntzarik misteriotsuena ere bazen orduan niretzat euskara, beraz.
Kanpoan gure adineko jendea harritu egiten zen euskararekin. Beraz, guretzat harrotzeko moduko jabetza zen, euskal herritarra izatea aski baitzeritzagun euskararen jabeak ginela amesteko. “Eusko gudariak gera…” esanez euskaldunaren itxurak egin zuen gasteiztar bat baino gehiago ezagutzen dut nik. Baita zuk ere, ezta?
Baina, esango didazu: Blanca, zertara zatoz aspaldiko kontuokin? Ba, honetara: elebakarra ez dela arazoa, buru-itxia baizik. Goazen espektroaren beste aldera. Kamerun omen da hizkuntz aniztasun gehien daukaten munduko herrietako bat. Kolonizatzaileen hizkuntzak ez ezik (alemana lehen, gero ingelesa eta gaur frantsesa batik bat), bertako 250 bat hizkuntza daude eta, gainera, jendeak badu elkarrekin hitz egiteko moduko koiné bat, “francam” deritzatena, hau da, “Kamerungo frantsesa”. Atera kontuak zenbat hizkuntza dakien ama hizkuntza batekoa eta aita bestekoa dituen kamerundarrak.
Hizkuntza batetik bestera erraz pasatzen dira afrikarrak. Izan ere, horixe da gizakiaren egoera naturala: hizkuntz hartuemana, trukea, ulertu beharra, kode-aldaketa (code-switching). Europako elebakartasun itxia “nazio bat, hizkuntza bat” lelo ustez progresistaren ondorioa da; Frantziako Iraultzatik aurrera inposatuz joan den ideia bat, besteak beste Euskal Herriko sozialistak hainbeste zamatu dituena —ez denak, noski: horra hor Eibarkoak—.
Lelo horren eraginez, hizkuntza ezberdinekiko harreman naturala galdu dute europar askok. Deseroso sentitzen dira beste hizkuntza baten aurrean, mehatxatuak, eta batzuk are irainduak ere. Zer esanik ez dago: heziketa kontua da. Ez naiz lehena esaten duena Espainiako demokraziaren porrotik handienetako bat hauxe dela, alegia, eskolan estatuko hizkuntz aniztasuna mehatxu ez, baizik eta aberastasuna delako ideia txertatu ez izana. Aurrerago joanda esango nuke, eta honetan ere ez naiz lehena, eskolan estatuko hizkuntzak irakatsi ez izana, pitin bat behintzat: “kaixo”, “egun on”, “zer moduz?”, eta abar.
Atzo gimnasioan bi emakume gazte suertatu ziren nire aldamenean aldagelan. Bi minutu gaztelaniaz eta beste bi arabieraz ari ziren, kode-aldaketa etengabean, baina nonbait dialekto ezberdinetako hiztunak izan eta horixe zen beren jardunaren arrazoia. Halako batean batak besteari hauxe esan zion: “Zuk ulertzen badidazu, nik ulertzen dizut”. Ba horixe.
Blanca Urgell
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!