Ekainak 28. Sexu genero disidenteon borroka eguna
2019ko ekainak 28 honetan 50 urte betetzen dira 1969ko Stonewall-eko gertakarietatik. Poliziaren errepresioaren eta jazarpenaren kontrako istilu horiek gogora ekarri nahi ditugu, nondik gatozen
argi izateko eta nora goazen kolektiboki ekiteko. Stonewall mugarri dugu, sistemaren eta bere zaindarien zapalkuntza eta errepresioari kolektiboki aurre egiteko txinparta sortu baitzuen. Garai hartako errepresio esplizituena sarekadak, atxiloketak eta espetxea baziren ere, ezin dugu ahaztu zientzia eta medikuntzak gure identitate, desira eta gorputzak patologizatu zituela, ikusezin egin, nazka eta lotsa iturri bilakatu. Horren aurrean, erresistentzia kolektiborako bidearen norabidea markatu zigun adreilu baten jaurtiketak eta ondorengo istiluek. Espazio publikoa hartu eta
antolaketa eta borroka kolektiborako oinarriak eta indarrak eman zizkigun.
Espainiar Estatuan frankismoa zegoen indarrean, eta marika eta transak zigortzeko kodigo zibila erabiltzen zen, beste mekanismo batzuen artean. Bolleren ikusezintasunak espetxea ekidin bazigun ere, familia eta sistema mediko eta psikologikoa arduratu zen gure desbideratzea zuzentzeaz. Espetxeratzen zituzten emakumeak aldiz, “emakume delituak” egiteagatik zigortuak ziren; hau da, prostituzioa, adulterioa eta abortua praktikatzeagatik, genero rolak apurtzeagatik. Horren aurrean, 70. hamarkadatik aurrera batez ere, antolatzen hasi ziren bai espetxean zeuden emakumeen amnistia aldarrikatzen bai eta sexualitate aske eta disidenteen aurkako errepresioaren kontra. 70. hamarkada amaieran eta 80. hamarkada hasieran lesbiana feministen kolektiboak sortu ziren eta problematika eta ekintza politiko propioa aurrera eraman zuten; garai honetan ere ezin dugu ahaztu polizia nazional batek Francis erail zuela Oreretan.
Gaur egunean ere bollerok antolatzeko eta borrokatzeko hautua egin dugu, gure zapalkuntzari aurre eginez guztia kolokan jartzeko. Izan ere, sistemaren erreprodukziorako beharrezkoa den erregimen heterosexuala zalantzan jartzen zuten eta dugu. Kapitalismoak beharrezkoa duen lan-esku eta ideologiaren erreprodukzioa, lan, rol eta espazio banaketa sexualaz baliatuta, kolokan jartzen du gure izateak.
Naturala dela sinestarazi diguten hori desnaturalizatzen baitugu, desioa, generoa eta gorputza eraikiak izan direnaren adibide garbiak baikara. Horregatik jazartzen gaituzte, langile mugimendua eta feminismoa jazartzen dituzten bezala, agerian geratzen delako esplotazioa eta dominazioa ez dela ez naturala, ez aldaezina.
Desmemoria eta despolitizazioa ezartzen saiatzen diren garai hauetan matxinadaren protagonistak nortzuk izan ziren aldarrikatzea ezinbestekoa da: transak, bollerak eta marikak izan ziren bai baina migranteak, arrazializatuak, langileak eta prekarioak ziren. Sistema eta instituzioek gu, edo gure kolektiboaren alderik atsegin, zuri, argal, moderatu, normatiboena asimilatzen eta merkantilizatzen saiatzen ari diren honetan kolektiboki antolatu eta aurre egin behar diogu horri, explotatzen eta zapaltzen gaituzten bollera, langile, migrante, lodi, marimutil, emakume* bezala.
Gure harrotasuna bazterretatik dator eta argi dugu ez garela aske izango kapitalaren menpeko garen bitartean.
Gure harrotasuna matxinada bat da!
Merkantilizatzen gaituen sistemari B.A.L.A.!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!