“Dirua utzi bertan” -Josean Bueno-
Duela hilabete batzuk, elkarte gastronomikoan nengoela, lagun andaluziar batzuk etorri ziren afaltzera, beste bazkide batek ekarrita; bere enpresako kideak ziren, lan-bidaian egun batzuk Gasteizen eman behar zituztenak. Labean erreta primerako arraina jan ondoren, kafearen inguruan elkartearen funtzionamenduaz hasi zitzaizkigun galdezka, lokala norena zen, nork zuen eskubidea erabiltzeko, nola antolatzen genuen, gastuak nola gestionatzen ziren …
Oso harrituta geratu ziren azaldu genienean nork bere kontsumoa apuntatu eta ordaintzen zuela. Hau da, norberak uzten zuela dirua bertan. Egin zituzten komentarioen arabera, honelako zerbait ezinezkoa izango litzateke beren Andaluziako herrietan: jendeak ez luke apuntatuko gastatutakoa; edo kontsumitu baino gutxiago apuntatuko luke, gutxiago ordaintzeko; horrela, noski, bidera ezina izango omen litzateke han honelako elkarte gastronomikoa; porrota, segurua.
Araban eta Euskal Herri osoan ehunka elkarte gastronomikok arazo handirik gabe funtzionatzen dutela azaldu genien, ohikoak zirela hirietan eta herri gehienetan. Harrituta zeuden. Horrekin guztiarekin euskaldunak izatearen harrotasunari ezin genion eutsi, gizarte “zintzoago” baten kide sentitzen ginen. “Euskalduna naiz eta harro nago”, euskal elkarte gastronomiko baten kide.
Hori, esan dudan bezala, duela hilabete batzuk gertatu zen. Berriki, udaren amaieran, Norvegian ibili gara, kanpinetan, mendietan … bazter zoragarrietan. Han, Jostedal glaziar zabaletik gertuko bailaratxoetako batean kanpatzeko gunea prestatua zegoen, oso era sinplean, hori bai. Hara hurbiltzeko pistaren hasieran informazio gunetxoa zegoen, eta bertan giltzarik gabeko postontzi bat. Kanpatzera zihoazenek han sartu behar zuten dirua; izan ere, ba zeuden han billeteak eta txanponak.
Edonork har zezakeen arren, han zegoen dirua. Elkarte gastronomikoan bezala, “dirua utzi bertan”. Gutako batek berehala egin zuen komentarioa: “Euskal Herriko mendi baten bazterrean honelakorik balego, barruan ez litzateke euro bat ere egongo”. Ados geunden guztiok. Geure buruari buruzko beste begirada bat da honako hau. “Euskalduna naiz eta ez nago hain harro”.
Erlatibizatzea ona izaten da, eta geure buruari harrotasun gehiegirik gabe begiratzea ere bai. Izan ere, badugu zer egin, jendarte moduan, pertsonak moduan, hobeak izateko, justuagoak, libreagoak, zintzoagoak … Eta, dagoeneko elkarte gastronomikoez ari garela, zergatik ez pentsatu errealitate horretaz? Hain harro egoteko modukoak dira? Baita genero ikuspegitik ere? Hau da, zenbat emakumezko daude elkarte gastronomikoetako kideen artean? Eta zergatik? Egin dezagun bidea, eta neurrira ekar dezagun harrotasuna; apaltasunak lagunduko baitigu, seguru, harroago sentitzeko moduko aldaketak bideratzen.
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!