“Araban euskaraz” – Iñaki Mtz. de Luna
Araba Euskaraz, non eta Trebiñun!
Araba Euskaraz ospatu dugu, beste behin. Non eta Argantzun. Hau da marka! Izan ere,
Trebiñu konderriko herri hori hiru aldiz izan da festa eta aldarrikapen horren lekuko.
Euskararen aldeko herri mugimendua eredugarria izan da ikastolen sorreratik bertatik,
eta bere horretan dirau. Bere ahaleginak inon txalo aparta merezi badu, hori Trebiñun da.
Horren lekukotza ematen zuen Gutxisolo euskara elkarteko kide batek Pilar Ansotegik,
hain zuzen, Euskaltzaindiaren 2017ko Jagon Jardunaldian. Horra hor bere hitzak:
“Ondo dago bi edo lau urtean behin euskalgintza edo euskal kulturaren makroekintzak
Trebiñu edo Zuberoaz gogoratzea eta keinuak egitea. Baina Trebiñun euskara 365
egunez hitz egiten da, astelehenetik igandera.”
Errealitate hori euskaltzale eta herritar askoren meritua da, batez ere, eskualde hori
Castilla y Leóngo erkidegoan kokatua izatea muga handia baita gure hizkuntzaren
normalizaziorako. Euskara biziberritzea edonon zaila bada, zer esanik ez Trebiñun,
arestian esandako euskaltzale horrek jarraian argitzen duen bezala:
“Gogoratu dezagun lagunok, TREBIÑU EZ DA ARABA. EZ, EZ DA ARABA. Eta ez dakigu
ofizialki halakorik noizbait gertatuko den, eta bitartean arreta berezia eta berezitua
ez bazaio eskaintzen oso-oso zaila izango du Euskarak bere bidea egitea.”
Gutxisolo elkarteko kide horrek berak ondoko aldarriarekin bukatzen zuen bere saioa: “EZ
AHAZTU TREBIÑU, TREBIÑU ERE BADA EUSKARAREN LURRA”.
Horregatik guztiagatik, Arabako Urrezko domina edo, eskatzen dut trebiñutarrentzat, ongi
irabazita dute eta.
Aitortza hori iritsi bitartean inoiz iritsiko bada, bederen nire txalorik beroenarekin
konformatu beharko dute trebiñuarrek. Hori bai, txaloa Gora Trebiñu euskalduna! oihu
ozenarekin lagunduz.
Iñaki Martínez de Luna
Araba Hizpide saioa
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!