“Arabako erronka: hizkuntza-mudantza” -Iñaki Martínez de Luna-
Arabarren % 19 euskaldunak dira, baina euskara normalean erabiltzen dutenak % 6 baino ez. Beste modu batera esanda, lau euskaldunetik hiruk ez dute euskaraz sarri egiten; hiru laurdenak gehienbat erdaraz bizi dira.
Horregatik, euskarak Araban duen erronkarik handiena da hizkuntza-mudantza egitea. Hau da, jakitetik erabiltzera salto egitea. Izan ere, erdaraz bizi diren euskaldun horiek euskarara igaro ezean, oso litekeena da beren gaitasuna herdoiltzea eta urte batzuetan euskara galtzea. Gainera, zertarako nahi dugu jendeak euskaraz jakitea, erdara hutsean biziko bada?
Zein dira, baina, mudantza hori egiteko gakoak? Esti Amorrortu, Ane Ortega eta Jone Goirigolzarrik eman digute, BAT Soziolinguistika Aldizkariko azken zenbakian, euskara erabiltzera pasatzeko agertzen diren aukera nagusien berri:
- Bata, familian gertatzen da, bereziki bikotekidearen laguntzarekin edota seme-alabak izatean.
- Bestea, lagunartekoa da, batez ere lagun berriak egitean.
Familia eta lagunak alde batera, euskaraz egitera igarotzeko beste une garrantzitsu bat izaten da herri euskaldun batera bizitzera joan, eta bertan harreman berriak euskaraz garatzean.
Kasu guztietan, alabaina, ezinbestekoa suertatzen da hiztunaren kontzientzia. Hau da, euskalduna den horren aldetik jarrera proaktiboa eta euskararekiko konpromisoa. Azken buruan, kontzientziarik izan ezean, zergatik bizi beharko du euskaldun batek euskaraz, erdara hutsean bizitzea posiblea eta erosoagoa badu?
Nik, Arabako kasuan, egile horiek aipatutako baldintzez gain, beste berri bat gehituko nuke: euskarazko eskaintza zerbitzuetan, jardueretan, aisialdian eta, oro har, herritarren egunerokoan areagotzea. Orduan baino ez da, Araban, hizkuntza-mudantza masiboki gertatuko.
Iñaki Martínez de Luna
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!