“Aldi berriak gurean ere” -Patxi Goenaga-
Aspalditik ari gara entzuten ohiko merkataritzaren eta merkataritza berriaren artean gertatzen ari diren oreka aldaketez ta gatazkez.
Lehengoan, Gasteizko moda-denda horietako batean sartu nintzen. Duela sei urte edo ireki omen zituen ateak oraingo kokagunean. Aurrekoa baino hobea zelakoan. Ez nintzen lehenago sekula barnean sartu. Gehienez ere, etxetik garajerako bidean, erakus-leihoari errepaso bat egiten nion. Itxura ona hartzen nion. Emakume erropa saltzen zuten, erropa dotorea eta kalitatezkoa zela iruditzen zitzaidan.
Baina likidazioan zegoen. Zuten guztia, salgai: pertxak, muebleak… Erroparik jadanik ez zuten, beste norbaiten esku utzita honez gero. Baina barnean zuten guztia, azpiegitura, salgai jarria zuten. Gauza politak gelditzen ziren artean, otarrak, loreontziak, apaingarriak… dena prezio oso merkean. Emaztea eta biok sartu ginen eta interesa izan zezakeen zerbait aurkitzen ote genuen ikusmiran ibili ginen. Azkenean, baul moduko otarra bat zegoen ‘gure zain’, eta erosi egin genuen. Han ikusi genuen erabilitako aspiradora bat ere. Ongi zetorkigulakoan, hura ere erosi genuen, merke-merke.
Dendan bi emakume, bata jabea izango zen, bestea langilea, beharbada. Erositako ‘merkantzia’ kaxa aproposean biltzen ziguten bitartean, nik neuk aspalditik bueltaka neukan burutazio hau: ‘emakume hauei porrot egin ziek bizitzako eta bizibiderako proiektu nagusiak’. Haien aurpegia lauso triste batek estalia ikusten nuen. Neure buruari, berriz, sarraski-jale, depredadore, tankera hartzen nion. Hotzean, hala ere, mesede bat egiten ari gintzaizkiola pentsatzen nuen. Izan ere, hondoa jo zuen itsasontziko merkantzia berek jarri zuten salgai. Baneukan beste alde batetik frakaso baten eragile izan nintzelako, edo garelako, susmoa ere. Frakaso horretan neuk ere parte izan nuela alegia, eta gero, hondoratze horretako hondakinez probestu nahi nuela edo iruditzen zitzaidan. Nolanahi ere, kontuak ez ninduen indiferente uzten… Eta halako batean, nere barneko tentsio hori askatzeko asmoz edo, plausta, bota nion galdera aurrean nuen andreari: “zer sentitzen da holako egoera batean?” Gero damutu ere egin nintzen, zeren, zer eskubide nuen galdera hura egiteko?… Egin nuen, ordea, eta kito. Susma nezakeen erantzuna, baina bion arteko elkartasun-lotura bat zegoela erakutsi nahi nion. Ez dakit hala izan zen. Pentsatu nahi dut hala ulertu zuela berak ere. Lehenbiziko erantzuna, bi malko gazi irristaka bere begi argietatik. Gero kontatu zigun lehenago beste nonbait izan zutela negozioa, baina lekuz aldatu zirela, aproposagoa zelakoan, eta holako negozio koxkorrek bide zaila dutela. Nik esan nion geunden kaleak azken urteotan ikaragarrizko gorakada izan duela. Egia dela denda txiki asko itxi eta berriak ireki direla inguru horretan. Baina oraingoz, dirudienez, aurrera egiten ari direnak tabernak eta jatetxeak direla, bezeroak erakarri nahian elkarren lehian. Gasteiz hiri berrituaren panorama hori da. Denda txikiak aurrera egin ezinik, apostu etxeak ugalduz… Aginteek benetan laguntzen ote dute komertzio txikiek aurrera egin dezaten? Laguntzak ematen dira, antza… Dena dela, ez da aginteen kontua soilik. Merkatariek eurek ere formula berriak bilatu beharko dituzte. Hau dela eta, jakin-min handia sortu du Gasteiz erdian enpresari batek muntatu bide duen operazio inmobiliarioak. Espero izatekoa da merkataritzaren mesedetan izango dela. Ikusi egin behar, hala ere. Handiak txikia jateko bide bat baldin bada, gaizki. Handien artean konpetentzia ziurtatzeko bidea bada, ongi etorri. Baina, tira: gure dendako elkarrizketa labur hark zer pentsatu eman zidan.
Atera genuen beste gai bat internet-en operatzen duten enpresek egiten duten konpetentzia. Inoiz komentatu da zenbait erosleren jokoa: ondoko dendan ikusi zer dagoen salgai, probatu ere bai, lana eman… Baina informazioa eskuratu ondoren, lasai-lasai interneteko on-line denda erraldoi horietako batean erosi azkenean. Jendeak hori egiteko ere eskubidea du, beharbada. “Hori da dagoena” esango dizute.
Eta, bitartean, denda onak, taxuzko prezioak dituztenak, zerbitzu egokia eskaintzen duten gure betiko dendak, erraldoiekin lehiatu behar. Zoritxarrez, gutariko bakoitzak bezero gisa dugun jokabideak eta denda erraldoi horiek duten boterearekin, irtenbide zaila dugu. Ondorioa? Garai batean baserrietatik kalera eta herri txikietatik handietara jendea joan zen bezala, hiri barnean ere geratuko diren dendak nolakoak izango dira? Soluzio bat izan liteke lehentxeago aipatu dugun Gasteiz erdiguneko operazio horren bidetik, dendak desagertu beharrean, dendok kontzentratzea. Baina horiek ere interneteko apustua zuzen egiten ez badute, porrotera kondenatuak egongo dira.
Ez da erraza. Gauzak aldatuz joango dira, ziztu bizian gainera. Eta kontu honetan zer ikusia duten agente guztiek, zuk eta nik ere bai, bakoitzak bere mailan, hartu beharko ditu erabakiak.
Hurrengo arte.
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!