Erraietatik: ERRAIETATIK vol. XXVII | Egunsenti gorri baten hitzaurrea
Azaroan, Urriko Iraultza sobietarretik 100 urte beteko dira (1917-2017) eta, horren harira, lau irratsaio berezi eskainiko ditugu gurean, mendeurrena behar bezala ospatzeko. Astelehenero, Urriko Iraultzak historian, pentsamenduan, kulturan, zinean… utzitako aztarna hizpide izango dugu.
Aste honetan, ordea, mamian sartu gabe, motorrak berotzen joateko proposamen pare bat ekarri ditugu irratsaiora: alde batetik, historia pixka bat, anarkismoak Errusiako Iraultzan izandako papera ezagutzeko. Horretarako, Carlos Taibo idazle, irakasle eta pentsalariak idatzitako «Anarquismo y Revolución en Rusia (1917-1921)» liburua baliatu dugu. Kontraesanak kontraesan, ume basati anarko-boltxebikeen ekarpen disidentea goraipatu nahi izan dugu Urriko Iraultzaren osotasunari eutsi baino lehen.
Kasu honetan, XX. mende hasierako Errusian, autoorganizazioa, komunalismoa, ekintza zuzena edo elkar babesa mahaigaineratu zituzten mugimendu anarkisten ibilbidea ezagutu dugu. Honekin batera, sobietak, lantegietako komiteak, komunak, sozialista iraultzaileak, anarko-komunistak, anarko-sindikalistak, Kronshtadt-eko marinelak, gerlari majnovistak eta, nola ez, errepresioa eta porrota.
Bestalde, musika pixka bat ere izan dugu gaurkoan. Izan ere, Eina talde katalanak «Bolxevic» diska berria argitaratu du, hain zuzen ere, Urriko Iraultzaren mendeurrena ospatzeko. Vilafranca del Penedès-etik datorren talde interesgarri honen ibilbidea ezagutzeko eta anarko-boltxebikeen historia girotzeko baliatu dugu diska hau. Punk soinuetan oinarritutako Inadaptats talde klasikotik, soinu esperimentalagoetara jo duen taldea da Eina. Apustu musikal oso interesgarria izateaz gain, klaseen arteko borrokarako «erreminta» gisa du Einak bere burua. 2008an «L’Art de la Guerra» diskarekin hasitako eta 2011n «L’Estat i la Revolució» diskarekin jarraitutako ibilbidearen urrats gehiago baino ez da «Bolxevic».
TRACKLIST
01 – LA OREJA DE VAN GOGH – 20 de enero
02 – INADAPTATS – Orgull de Classe
03 – EINA – L’Esperit de La Comune (feat. Indarrap)
04 – EINA – L’Estat i la Revolució
05 – EINA – Honor i glòria, Bolxevics
06 – EINA – La revolució no es fa, s’organitza
07 – EINA – Foc d’Octubre
08 – EINA – Banderes rojes endolades
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!