Zubi guztien gainetik – Mugarik ez! Trasnazionalik ez!
Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintza abian da lelo hori oinarri hartuta. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak beharrezkotzat jo du prestakuntza politikoko prozesu bat gauzatzea feminismoa, deskolonialitatea eta antiarrazismoaren inguruan, mugen, transnazionalen eta migrazioen irakurketa kritikoa egiteko helburu.
Formazio-saio telematikoak doan eskaintzen ari da abendutik otsailera bitartean. Horrela, Migrazio-politikak eta mugak zein transnazionalak izan dira ikasteko eta hausnartzeko eremuak. Azken formazio-saioa otsailaren 17an, 18:30ean izango da, arrazakeria eta feminismoaren inguruan pentsatzeko aukera emango diguna.
Horrekin batera, V. Nazioarteko Ekintza honen sinbolo gisa zubia aukeratu dugu Euskal Herrian. Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte.
Muga zapaltzaileen gainetik, zubiak eraikitzeko premia dugu. Eta zubi horiek eraiki ahal izateko modu bakarra da, migratzaileek beraien jatorrizko lurraldeetan eta helmuga-lurraldeetarako bidean jasaten dituzten indarkerien kausak ulertzea, aztertzea eta salatzea.
Prozesu horretan, ezinbestekoa da transnazionalek eta mugek sistema arrazista kolonial globalaren barruan duten rola ezagutu eta salatzea; milaka pertsonaren bizitzen gainean gauzatzen den indarkeria azaleratzea; Europako ongizateak oinarrian dituen pribilegioak identifikatzea eta horri dagokionez guk geuk dugun rolari eta erantzukizunari buruz hausnartzea.
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren feminismotik, arrakalak sortu behar ditugu zubi-harresietan, kapitalismoaren, kolonialismoaren, arrazakeriaren eta heteropatriarkatuaren adierazle baitira. V. ekintza honetan, zapiak erabiltzea proposatzen dugu, taldearen eta norbanakoaren konpromisoa adierazteko ikur gisa, zubi-harresietan arrakalak sortuko dituen konpromisoa.
Martxaren filosofiaren bidetik, sortutako dinamika herriz herri eramango dugu martxoaren 6an Irun-Hendaiako mugara iristeko, ikur komun batekin: herri bakoitzean atondutako zapiak elkarren artean lotuko ditugu, zapalkuntza sistema oro errotik aldatzeko Euskal Herriko Mugimendu Feministak hartu duen konpromisoa adierazteko.
Adi egon, zure herrian antolatuko diren ekimenetara batzeko!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!