Zientziaren sormena guztion ondarea da
Hezkuntza giza eskubidea da, osasuna bezala, eta horregatik publikoa izan beharko litzateke beti, denontzat eta, nire uste apalean, era berean, zientzia ere bai.
Hezkuntza publikoak gaur egun, zientzialari asko eta asko formatzen ditu guztion zergekin, eta hori bikaina dela deritzot. Bigarren pausu bat eman behar da, nire ustez, alegia, formatutako zientzialari horiei ikerketa egiteko baliabide nahikoa ematea, zientzia ere publikoa izateko (eta zientzialariak lanik gabe, kanpora edo mundu pribatura joan ez daitezen edo, behintzat, ez guztiak).
Horrek eramaten nau pentsatzera ere, ikerketa zientifikoa denon ondarea dela, zeren eta zati handi bat diru publikoaren bidez formatua eta diru publikoaren bidez finantzatua baitago, baita erakunde pribatu eta erdipribatuetan ere. Ondorioz, bere emaitzak ere denon ondarea direla eta, osasuna giza eskubidea denez, zientzia eta bere emaitzak ere guztion ondarea eta eskubidea direla ere.
Une honetan pandemia batean sartuta gaude.
Hainbat txerto garatzen ari dira munduan hainbat laborategitan eta, seguru, haietan lanean ari diren ikerlari asko eta asko hezkuntza publikoak hezitakoak dira eta diru publikoz ordaindutako baliabideak darabiltzate.
Gizadiaren osasuna, eskubide den osasuna, beste behin arriskuan jartzen duen beste gaixotasun bat dabil (ez bakarra, ez eta lehena inondik inora, gure zilborra begiratzeari utz diezaiogun, mesedez!) eta, beste behin ere, huts egin dugu. Zientzialari talde guztiak batera lanean eta haien emaitzak konpartituz, denontzat eta libreki zabalduz, lan egin ordez (gizateriaren eskubide eta ondare gisa), beste behin, enpresa pribatuen negozio eta leiha bihurtu dira. Eta dinamika horrek mugitzen ditu txertoak eta sendagaiak garatzeak, gaixotasunak ikertzeak eta abarrak.
Penagarria da. Berriro diot, huts egiten jarraitzen dugu. Bizia ematen digun planeta zaintzeko ahaleginean bezala, gaixotasun hauek zabaltzea errazten duena, ez dezagun ahaztu.
Alea aldizkarian elkarrizketatu duten EHUko ikerlari bati irakurri diot, krisi honetan zientziak garrantzi handia daukala eta osasungintzak arazo estrukturala daukala, ados nago, baina esaten duenean hainbeste txerto garatzen aritzea gertaera historikoa dela, berak dioen zentzuan ez nago ados: hau gure gizartearen beste hutsegite bat baino ez da, behintzat egia baldin bada, benetan, GUZTION ardura dela pandemia. Ah, eta osasun pribatuaren kontua beste baterako lagako dut…
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!