Udako azken turista
Orain aste batzuk heldu zitzaigun baserrira udako azken turista izango zena.
Bera heldu baino lehen, bere camperraren enbragearen erre usaina jo zuen abisua.
Jakin, gu badakigu ze nolako bide estua, aldapatsua eta bihurgunez beteta dagoen gure baserrira heltzeko. Ze egingo diogu ba, gentrifikazioa asmatu aurretik gentrifikazioa egon bazen, eta gure bailaran , gehienetan bezala, lur emankorrenak industriak hartu zituen beretzat, lehenengo sektorea aldapatsu, estuak eta bihurgunez beteta dauden bazterretara bultzatuta.
Udako azken turistak ordea honekin ez daki ezer, ez du zertan jakin behar. Oporrak amaitzear, etxerako bueltan, bidean agertutako seinaleei jarraitu besterik ez die egin. Oporraldiko bere hamabost egunetan inguruko baserriak seinalatu dizkiote hauek, beste hirurehun eta berrogei eta hamar egunetan merkatal zentroa seinalatzen dioten bezala.
- Kaskarra gero eguraldia- esan zuen motorra amatatzean, elkarrizketa hasteko gogoz eta igual eskualdeko jatorrizko elikagairen bat etxera oroigarri eramateko inkluso.
Baziren egun batzuk euri apurtxo bat ekarri zuela, giroa oraindik epel bazegoen ere. Zerua goibel, hego haizea gogoz eta aldika txaparradaren bat. Baina hori ez zen eguraldi kaskarra, oso uda sikua izan da, eta udazkena aurretik ekarri duen euri apur hori, oso ondo etorria izan da.
Hala ere, gure artean zein urrun gauden bata bestearengandik pentsatu nuen. Hain gure eskuetatik kanpo dagoen alderdi baten inguruan dugun pertzepzioan ez bagaude ados. Zer ez ote den izango guztiz gure esku dauden erabakietan?
Ez ote gara konturatzen, gure egunerokotasuna izaten dela ondorioak markatzen dituena, eta ez urtean behin errealitatearekin apurtzeko hartzen dugun parentesi hori?
Ez al dugu ikusten, ez dugula aurrera egiten gure asmoak eta gure ekintzak bakarrik badauden lerrokatuta udako aisialdian?
Ez dugu baliatuko, irailero dugun aukera erretzeari uzteko, gimnasioan apuntatzeko, baina baita ere elikaduraren bitartez errealitatea aldatzeko?
Tartean turista hor zegoen. Espero zituen erantzunak ez zirelako heldu antza, non buelta hartu galdetu zidan. Buruaz baserriko larraina izan zenera bideratu nuen, eta hor buelta hartu eta joan egin zen.
Aldapan behera, orain bai poz pozik entzuten zen bere campereko motorra urruntzen zen bitartean, nire hausnarketan utzi ninduen udako azken turistak.
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!