Superheroi eta gaizkileak
Pasa den astean 40 urte bete ziren iragan mendeko historia beltzeko gertaera odoltsuenetako batetik, Sabra eta Chatilako sarraskiak. 1982ko irailaren 15 eta 18 bitartean Libanoko falange kristauak, Israelgo armadarekin elkarlanean, 3000 errefuxiatu palestinarretik gora erail zituen Beirut Mendebaldeko bi kanpamendu horietan, NBEren txosten batek jasotako kopuruaren arabera. Triskantza hura, bere ankerkeriagatik, belaunaldi askoren oroimen kolektiboan geratu da iltzatuta eta efemeridearen urtemugan asko izan dira hilketa hura akordura ekarri dutenak.
Marvel komiki eta marrazki bizidunen ekoiztetxeak ere bere ekarpena egin nahi izan du urtebetetze horretara eta modu xelebre bezain zitalez egin du. Urteurrena dela eta, pertsonaia berri bat ekarri du bere superheroien zerrendara, superheroi israeldar bat, eta gustu txarreko broma makabro hori borobiltzeko okasiorako moduko izena jarri dio pertsonaiari: Sabra, duela lau hamarkada suntsitutako errefuxiatuen kanpalekua bezala. Amerika Kapitainaren bertsio hebriarrak nabarmen erakusten ditu bere uniformean iruditeria sionistaren ikurrak, Mosadeko agentea da, eta terrorista arabiarrak akabatzea du xede. Haren etsai gorrotatuena Hulk Ikaragarria da, Goliat erraldoi filistiarrari erreferentzia argi bat. Marvelen unibertso distortsionatuan Sabra israeldarra da heroia eta Hulk, Goliat filistiarra, palestinarra alegia, gaizkilea. Guk, ordea, aspaldi ikasi genuen, Sabra eta Chatilan bezala, biktima eta borreroak ez direla izan ohi komikietan kontatu zizkigutenak.
Euskal Herrian ere baditugu gure doilorrak, gure munstro suntsitzaileak, nabarmenetako bat CAF, euskal industriako erraldoietako bat. Beasaingo trengintza konpainiak Palestinan dihardu bere kontratu mamitsuenetako bat burutzen, Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen trenbide sarea eraikitzen. Enpresa gipuzkoarraren proiektuak, nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa izateaz gain, milaka palestinar desjabetu eta euren jatorrizko lurretatik mugiaraziko ditu. Baina, superheroien pelikuletan bezala, gaizkileak botere handiko eragileen babes ezkutua du atzean, gure kasuan Eusko Alderdi Jeltzalearena eta duela berrogei urtetik gora gobernatzen dituen erakundeena. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak partaidetza dauka konpainiako kapitalean, alegia, sostengu ekonomiko publikoa ematen dio haren jardunari.
Nolanahi ere, heroi eta zitalen pelikula bat baino gehiago ikusi duen orok jakingo duenez, gaizkilea gaiztoagoa ezin daitekeela izan uste dugunean, beti egiten du zerbait bere krudelkeria maila gaindiarazi eta gure harritzeko gaitasuna zapuzten duena. Eta azken efektu kolpe anker hori pasa den astean ikusi genuen, Sabra eta Chatilako sarraskiak oritzen ari ginen aste berean. Lakuako Gobernuak Beasaingo enpresaren finantzaketa publikoa hirukoiztu egin du, hau da, konpainiaren akzioen %1 izatetik %3 izatera pasa da, noiz eta gerra krimen batean buru belarri murgilduta dagoenean.
Bizitzak erakutsi digu, marrazki bizidunetako superheroiak ez direla dioten bezain zintzoak, ezta doilorrak hain gaiztoak ere, eta historiak, H larriz idatzitako historiak, goizago edo beranduago nor bere tokian utzi ohi duela. Eta dudarik gabe, historia horretako orrialde beltzenetan CAFeko eta EAJko arduradunen izenak idatziko dira, Sabra superheroiarenarekin eta Sabra eta Chatilako triskantzaren erantzuleenekin batera.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!