“Sinergia gunea” -Irantzu Lekue-
SINERGIA GUNEA
Asteburu garrantzitsu baten atarian gaude. Gai bakarra dago mahai gainean: Catalunya.
Eta hemendik ere nire elkartasun keinutxoa egin nahi diet igandean bozkatuko duten
milaka eta milaka demokratei. Asko dira oraintxe bertan Catalunyara bidean dauden
gasteiztar eta euskal herritarrak. Asko ere hemen geratu eta larunbatean Bilbora
gerturatuko direnak.
Larunbatean aldiz bada ere beste hitzordu garrantzitsu bat sormenean, kulturan
Gasteizen. Sinergia Gunea gazte eta sortzaileak garenontzako elkargunea elkarren artean
ezagutu eta sinergia berriak sortzeko gunea.
Gasteizko kultur alternatiboaren mapa sortzen hasi ziren lehenbizi Gindi Auzmendi, Iñaki
Landa eta Mikel Buruaga, egitasmo honen sortzaileak. Orduan Gasteizko kulturaren
egoeraren inguruko hausnarketa bat konpartitzen zutelako hasi ziren lanean kulturaren
esparruan ikustarazten ez ziren leku asko zeudelako, bestelako kultura bat ari zelako
loratzen. Proiektua burutzen ari zirela konturatu ziren pertsona edo gazte sortzaile hauen
artean ere “ez zirela sarri euren artean ezagutzen, ez zeudela hibridaziorako kanalak,
bideak falta zirela”. Horregatik hasi ziren lanean eta Sinergia Gunea abiatu zuten.
Kaleak kulturarako berreskuratu nahi ditugulako, kalean, Judimendiko parkean elkartzea
erabaki dute. Kalean aurkeztuko dituzte gazte hauek guztiek euren proiektuak, euren
ideiak, euren lana. Hamabost proiektu izango dira guztira. Besteak beste, Cristina
Bereciartua, kudeaketan aditua, Ane Gebara ipuin kontalaria, Jo! Fest diseinu jaialdiko
antolatzaileak, Fill in grafitigileak, Sumendi gune autogestionatuko kideak, Iker Fidalgo
arte kritikaria, Eider Bernaola, argazkilaria, Cerdas fanzine egileen kolektiboa, Beñat
Goitia bakarlaria, Natalia Albeniz artista, Reina Ginolanda idazlea, Gasteiz Harcore
Crew-ko kideak edo Ibai Jammin-ek parte hartuko dute “kulturakoak ez baina
ekintzailetzatik datozen beste proiektu batzuekin, Gasteiz patata garagardoaren egileak
kasu”. Denak arabarrak eta guztiak 18 eta 33 urteen artekoak “kulturan, sormenean ari
diren gazteentzako izango den marko propioa eraiki nahi dugulako”, azaldu dute.
Hitzordua behar beharrezkoa iruditzen zait, besteak beste, askotan gertatzen den gauza
delako sortzaileon artean ez garela ezagutzen. Musikariak musikarien artean ezagutzea
normala da, baina antzerkikoak urrun geratzen dira. Bisualetakoak ez dituzte literaturatik
datozenak ezagutzen eta horrela beti. Larunbata Irailaren 30a aurkezpen dinamika batekin
hasiko da eta, ondoren, proiektu aurkezpenen txanda izango da. Antolatzaileek azaldu
dutenaren arabera “dinamikotasuna bermatzeko 10 minutuko aurkezpenak egingo dituzte
gonbidatuek.
Eta aurkezpenen ostean… marianito kulturala.
Doctor Sax gasteiztarraren kontzertuarekin.
Larunbat honetan hitzordu interesgarria dugu Gasteizen.
Proiektu berriak sortarazteko lekua Judimendin…. Sinergia Gunea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!