Printzesa Trasnformer | Askatu tragoa eta egin dantza
Duela gutxi maisu batek hala esan zigun: Aktibatu dezagun emagin burua, uso hankekin zapaltzen duena, edozein gauzarekin liluratzen den burua… Esaldi horrek pentsatzeko era ezberdina eskaini zidan. Liluragarria.
Gasteizen jaio nintzen eta zertxobait badakit hiri honi buruz. Hiri bakoitzak bere idiosinkrasia dauka eta definizio zehatz baterako hitz zuzenak ezin aurkituz, esan dezaket erraz identifikatzen ditudala Gasteiztar jokamolde asko. Beste askok ihes egiten didate. Duela gutxi taberna batean, antzaz gazteleraz gutxi edo ezer ez zekien tipo bat agertu zen. Zigarro bat eskuan, ondoan zeuden bi tipori sua eskatu zien: “Sorry, do you have a lighter?” Bi tipo horiek, harresi bat aurrean jarri izan balute bezala, galdera ikurra galdu duen “Que” zuzen batekin erantzun zuten. “Lighter”, errepikatu zuen atzerritarrak eta gestuekin agerikoa zena irudikatu zuen. Tipo horrek sua nahi zuen eta hasieratik argi zegoen. “Si me dices mechero, pues a lo mejor….” Eta begitarteko ximurrak bor-bor egiten zuen bitartean, harresi eraikitzaileek sua eman zioten.
Leku baten esentzia galtzen ikustea tristea da. Ez dut imajinatu nahi mundua aireportu bat bezala izango balitz. Aireportuetan bertako produktu ugari aurki ditzakegu, baina souvenir horiek kenduz gero edozein hiriko aireportua izan daiteke. Askotan esentzia zer den galdetzen diot nire buruari. Esentzia hori ez galtzeko, geure burua babestu behar al dugu? Harresiak eraiki behar al ditugu arrotza denak gurea kutsa ez dezan?
Lurralde inbaditu batek identitate baten beharra dauka eta horrezkero haren kultura eta hizkuntza sendo babestuko du. Baina mundu globalak aurrera darrai, jendea lekuz leku gero eta gehiago eta gero eta azkarrago mugituz. Zenbat artalde bezalako turista multzo ikusi ditugu inoiz barneratuko ez duten informazioa entzuten, inoiz ikusiko ez duten argazkiak ateratzen? Hau mugikortasun horren karikatura besterik ez da, mutur bat. Hona hemen kontrastea, etxekoa eta arrotzaren artekoa. Eta tartekoa? Agian, oreka kontraste oso markatuen arteko harremanetik sortzen da, agian oreka kontraesanen linboan mugitzen da.
Edozein jarrera akzio baten erreakzioa izaten da beraz, kanpokoari harresi bat jartzea naturala bihurtzen da. Baina idiosinkrasiek ematen dizkiguten identitateak batzuetan gehiegizkoak dira eta errealitatea bera sentitzeko gaitasuna deuseztatzen digute. Euskalduna naiz eta harro nago. Bai, ni ere harro nago baina, zerk harrotzen nau? Eta, zer da arrotza izatea?
Lainotzen gaituzten jarrerek ez digute emagin buru batekin jokatzen uzten. Bizitzan aurrera egin ahala, inozentzia eskuetatik erortzen zaigu hondarrezko tontor bat eskuen artean desegiten den moduan. Eta liluratzeko gaitasuna gero eta urriagoa da, gero eta urrunagoa. Zenbat harresi jartzen diogu buruari garena defenditzeko, mugak babesteko?
Gasteiz, ciudad de curas y militares. Orainean nola jokatu historiak gure gainean jarri duen pisuarekin batera? Noiz arte heldu behar diogu mentalitate ustel bati? Gurea al da? Ezinezkoa da iragana ukatzea baina oso posiblea da burua irekitzea. Begitartera eraman atentzioa eta lasaitu, ximur zuzen hori askatu eta ea zer etorriko den ikusteko prest egon, adi. Iradokizun bat: askatu tragoa eta egin dantza.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!