“Pinkwasingaren pinkwasinga” -Amets Martinez de Heredita-
Gaurkoan Amets Martinez de Hereditak bate du gure iritzi tartea
PINKWASHINGAREN PINKWASHINGA
Duela aste batzuk, PP, Vox eta Ciudadanos alderdiek osatutako trifatxitoak Madrileko Colon plazan elkartu ziren. Deialdi horretatik gehien komentatu diren irudien artean hauxe: Albert Rivera, ortzadar eta trans ikurrez inguratuta, adierazpenak egiten. Atrezzoa ongi antolatuta bazuten ere, Andaluzian gobernatzeko hiru alderdiek sinatutako hitzarmenak ongi baino hobeto erakusten digu trifatxitoak feministak, migratzaileak eta LGTBI pertsonak dituztela jo puntuan. Hori guztia garbitzeko erabili izan zituen Ciudadanoseko buruak aipatutako ikurrak. Hori egiteari Pinkwasing-a deitzen zaio.
Handik egun batzuetara besteak beste Buenafuentesen programan kolaboratzaile aritzen den Bop Pop pertsonaiak (gero eta ospetsuagoa bilakatzen ari dena, bestalde), proposamen berri bat egin zuen programan uzten dioten tartean: “Banderen ministerioa” egitea, hain zuzen. Eta bere burua eskaini zuen ministerioaren zuzendaritzaren ardura eramateko. Ministerio berri horren zeregina zera izango litzateke: bandera ezberdinak erabiltzeko baimena ematea. Modu horretan, alderdiren batek bandera jakin bat erabili nahi izanez gero, inprimaki bat bete beharko luke, eta erakutsi zer kurrikuluma duen banderak ordezkatzen duen gai horri dagokionez.
Proposamen hori umorezko programa batean egin zen, eta horrela ulertu beharra dago, noski, baina esan genezake, ministerioarena alde batera, Bop Pop-ek ez dagoela hain oker.
Izan ere, azkenengo urteetan gauzak asko aldatu diren arren, LGTB mugimendua erabat ikusezina da hainbat alderdi eta instituzioentzat. Adibide garbia dugu Gasteizen bertan: gure Udalak, Cuerda alkateak bultzatutako bikoteen ordenantzaz geroztik, urtean bitan adierazpen instituzionalak egiten ditu, horretara mugatzen da. Eta mugimenduari bizkarra ematen diote beti. Modu horretan, uko egin diete instituzioek LGTBI pertsonekiko dituzten ardurei. Ezer gutxirako balio izan digute plenoan eserlekua izatea zenbait zinegotzi gay-ek eta zenbait armairuk.
Orain, ordea, trifatxitoa hortzak erakusten ari den honetan, eta trifatxitoaren aurrean alternatiba direla esaten hasi dira zenbait, trifatxitoaren aurrean beraiek bermatuko omen dituztela LGTBI pertsonen eskubideak. Badirudi asteak pasa ahala, hauteskundeak gerturatu ahala, mota horretako gero eta mezu gehiago zabalduko direla. Lehen aipatu dut ez ikusiak garela, kolektibo honek ez duela inolako interesik zenbaitentzat. Tira, baliteke oraingoan interesa izatea, baina interes elektorala, noski! Eta batzuetan aipatu izan den “bozka arrosa” horren bila joan nahi izatea.
Puntu honetara iritsita, pentsa dezakegu Bop Pop-en proposamena ez dela erokeria hutsa; zilegia litzateke, ortzadarra eta trans-ikurrak erabili ahal izateko, aurretik gai honekiko izandako arreta eta kurrikuluma kontutan hartzea. Bestela, ulertu genezake gure borrokarekin bat egiteko interesik ez dutela, baizik eta interesa elektorala dutela, eta derrepentean bere egiten dutela politika eta ekimen guztietan baztertu duten kolektibo bat, eta bere burua eskaintzen dutela betidanik LGTBI pertsonen eskubideen aldekoa izan balira bezala. Hori ez al da ere pinkwashing-a?
Hau da, batzuek gure ikurrak erabiliko dituzte VOX-ekin dituzten hitzarmenak garbitzeko, eta beste batzuek, berriz, ikur berdinak erabiliko dituzte, hitzarmen haien alternatiba bakarra direla erakusteko. LGTBI mugimendua, erdi-erdian. Doneteen iragarkiarekin antza haundia dauka honek guztiak.
Hauteskundeen emaitzak direnak direla ere, ezin dugu ahaztu non dauden eta non egongo diren agente horiek guztiak, guk, LGTBI mugimenduko partaideok, eremu ezberdinetan eragiten jarraitu beharko dugulako. Orain arte inork ez digu ezer oparitu, eta aurrerantzean ere ez digute ezer oparituko. Hauteskundeak pasatutakoan berriz ere ez ikusiak izango gara, eta jarraitu beharko dugu kaleetan borrokatzen, borrokatu beharreko guztia borrokatu ere.
Hemen entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!