Patxi Ruizen borrokaldiak ekarri duenaz
…ba bai! Berriz ere Patxi Ruiz eta bere ingurukoak hizpide. Zein astunak ezta? Pentsatuko du baten batek. Baina, noiz utzi genion herri honetan aldarrietan astunak izateari?
Oraindik gogoratzen dut estatuek Jon Anza militantea erahil zutenean. Bere desagerpena ezagutu, eta hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko txoko guztietan “Non da Jon?” galdera agertu zen oso forma ezberdinetan. Kasu horrekin hain tematiak izateak injustizia hau gizarteratzeko balio izan zuen. Estatu erahilketa fokoan jarri eta errudunak seinalatu ziren, sistema honen izaera demokratiko faltsua mahaigaineratuz.
Oraingo honetan, Covid-19 pandemiaren testuinguruan, espetxeetako egoera are zaurgarriagoa dela agerikoa da. Zer esanik ez jada isolatuak eta ehunka kilometroetara urrunduak dauden presoentzat. Egoera honen aurrera Patxik eta beste preso batzuk borrokaldia hasi zuten, preso guztien eskubideak aldarrikatuz. Egoera hobetu ez, eta are egur gehiago jasan ondoren, Patxik borrokan beste pausu bat ematea erabaki zuen, gose eta egarri greba hasi eta bere bizitza arriskuan jartzeraino.
Azken egunetan gaia gizarteratzea lortu dela esango nuke (kontinente honetako zein txokotan burutu dira hainbeste mobilizazio pandemia egoeran?), eta gizarteratze ariketa hau egiteko burutu diren ekimen mota ugarik ohituegi gauden auzia mahaigaineratu dute: biolentziarena, alegia. Biolentziaren monopolioa darabiltenek margoketa bat “eraso” kalifikatuz, aldarri bat tintaz materializatzeari zilegitasun guztia kendu nahi diote. Bitartean, haien biolentziak langile bat erahil zuen Bilboko portuan orain dela bi egun, kasu bakar bat aipatzeagatik.
Mota ugarietako biolentzia sistematiko guztien aurrean, edozein ekimen motak autodefentsa izaera du, eta autodefentsa beti zilegia delakoan nago. Hortaz aparte, ekintza ezberdinen eraginkortasunaren inguruko eztabaida azken urteetan modu tranpatian egin izan dela iruditzen zait, izkutuko interes ezberdinak medio. Baina tira, autodefentsaren ideiara bueltatuz, bere zilegitasuna ez dugu etsaiaren marko ideologikoan topatuko eta horren esperoan egotea akats izugarria litzateke. Pedagogia eginez, sektore zapaldu guztietan topatu eta landu beharrekoa da zilegitasun hori. Hor zentratu ezean, poliki poliki atzerapausoak ematen joango gara, eta margoketak erasoak direla barneratzen badugu, aurrerago kartel bat prezintoarekin jartzea biolentzia dela irensteraino helduko gara. Edo gutxienez, eraginkorra ez den eta jokoz kanpo dagoen ekimena dela irentsiko dugu, borrokarako edozein aukera itzaliz.
Aldarrietan astunak eta tematiak izatea ez da aukera bat, baizik eta guztiz beharrezkoa eta zilegia. Zer esanik ez, egunez egun kide baten bizitza itzaltzen doan muturreko egoera baten aurrean.
Presoak borrokan, gu ere bai. Eutsi gogor Patxi!!!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!