Pandemia berri bat
Dagoeneko bost aste daramatzagu etxean gordeta. Denbora honetan garaiotan ezagutu dugun lehenengo pandemia dela entzun dugu etengabe eta, izan ere, batzuentzat horrela izan omen da. Hala ere gutako askok, etxean gordetzeko beharrik gabe izan bada ere, beste pandemia batzuk bizi izan ditugu arestian. Urteetako lehenengo pandemiarena entzutean 90. hamarkadan LGTB kolektiboak bizi izan zuen HIESaren pandemia etortzen zait burura eta, batez ere, bakardadean hil egin ziren lagunak ere bai. Askotan, homosexuala izateagatik erabat baztertuta egon ostean, hildakoak utzitako herentzia banatzeko baino ez ziren agertzen senideak. Instituzioen utzikeria eta jendarteak ezarritako estigmarekin bizi eta hil behar izan zuten lagun askok duela hamarkada gutxi batzuk.
Lagun batek dioen bezala, pandemia guztiak besteen afera izan ohi dira, HIESa yonki eta maritxuena izan zen moduan, edo ebola beltzena. Oraingo pandemia guztiona omen da. Eta ezaugarri hau da, hain zuzen ere, beste pandemia batzuk ikusten uzten ez diguna, ertzetan daudenen lagunena kasu.
Konfinamendua bizitzeko hamaika leku daude: telebistan agertzen diren luxuzko txalet horietako batean, balkoi edo terraza handi bat duen etxean, balkoirik gabeko etxebizitzan edo, teilaperik ez dutenen bezala, baita kalegorrian ere. Badaude konfinamendua bizitzeko hamaika egoera ere, konfinamendu eta pandemia bera oso ezberdin bizi dute dirusarrerarik ez duenak, soldata bakarra duten hiru bizikideek, lanpostua galdu berri duen lagunak, aspaldi galdu zuenak edo inoiz lanposturik izateko aukera izan ez dutenek.
Badira aste batzuk ikastolak, instututuak eta unibertsitateak itxi zituztenetik eta ikasle askok euren etxeetara bueltatu behar izan zutenetik. Eta zein da etxera bueltatzean topatu duten egoera? Rey Juan Carlos, Madrilgo complutense eta Bartzelonako unibertsitateek konfinamenduan LGTB+ lagunen egoera aztertzen duen ikerketa abiatu dute estatuan.
Aipatu ikerketaren arabera ikasleen %60ak haien sexu orientazio edo genero identitateagatik familiaren bazterketa edo onarpen eza topatu omen du etxera bueltatzean. Jakina da LGTBI+ lagun askorentzat familia bera ingurune arrotza izaten dela eta familiako etxebizitzatik alde egiterakoan arnasa hartu eta euren bizitza modu librean garatzeko aukera aurkitzen dutela edo are gehiago etxeko giro arrotzetik ihes egiteko hamaika aitzakia bilatu behar izaten dute askok. Beraz, ikerketak ondorioztatutakoa azpimarratzekoa dela uste dugu: LGTBI+ lagun asko bueltatzen direnean armairura ere bueltatzen direla.
Ikerketaren konklusioekin jarraituz, LGTBI+ lagunen %6a animikoki deprimituta sentitu omen da berrogeialdian zehar eta %15ak babes sarerik ez duela uste du, hau da, bakardade hutsean aurre egiten ari zaizkio egoerari. Azken hauen artean, ikasleak ez ezik, edadeko LGTBI lagunak eta migranteak batik bat omen daude. Beraz, bizitza aurrera eraman ahal izateko oztopo larriak topatzen dituzten LGTBI+ lagunak zenbakarriak dira.
Osasunari erreparatuta, ezagun dituzten estigmak direla eta, osasun zerbitzuetara beranduago eta gaitza larriagotuta jotzen omen dute. %10ak tratamendu medikua lortzeko zailtasunak izan dituela uste omen du eta trans lagunei berrogeialdian eta aurrerago jarraitzen ari diren tratamendua bermatuta izango duten ez jakitea kezka handiak eta ezinegona sortzen ari omen zaie.
Ikerketak beste kontu bat agerian utzi du: konfinamenduko aste hauetan LGTBI+ kolektiboaren barruko diskriminazioa areagotu egin da. Aplikazioen erabilera handiagotu duen heinean, serofobiak, lumafobiak edota arrazakeriak ere gora egin dute. Grindr bezalako aplikazioetan VIH-arekin bizi diren lagunak baztertuak izaten dira etengabe, esate baterako, aplikazioak berak haien egoera serologiko eta STGen azkenengo analisiaren xehetasunen gainean galde egiten die profila sortzen duten erabiltzaileei, VIH+ diren lagunen bazterketa erraztuz edo ligatzeko aplikazio hauetan, adibidez, ohikoak bihurtu dira azken garaietan erabiltzaile askok profilean idazten duten mezu serofobiko eta lumafobikoak, VIH-a edo luma duten lagunak baztertzen dituztenak eta maskulinitatearen goraipamena egiten dutenak.
Kontu berria ez den arren, pandemia honek azaleratu egin du Asiako lagunenganako bazterketa: erabiltzaile batzuk “arroza jaten ez dutela” moduko esaldiak profilean idazten dituzte pandemia eta komunitate txinatarraren artean lotura zuzena dagoela dioen gezurra zabaltzeko asmoz.
Argi dago eskotilla honetan aipatu diren egoerei eta beste askori aurre egin beharko liekeela LGTBI+ kolektiboak. Bide honetan Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokitik gure harri-koskorra eskeini nahi dugu, alde batetik konfinamenduko egoera honetan ematen diren erasoak ezagutaraziz eta, bestetik, gutako askok babes sarerik, norekin hitz egin edo barrua norekin hustu ez dutela sentitzen dutela jakinda, gure baliabideak lagun honen esku jarriz. Deskribatu ditugun edozein egoeratan edo antzekoan dagoen LGTBI+ kolektiboaren edozein lagunek 633 309 653 telefonora deitu edo WhatsApp zein Telegramen bidez mezua bidali dezake norbaitekin hitz egiteko beharra izanez gero edo nolabaiteko laguntza behar izanez gero.
Amets Martinez de Heredita
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!