Osasunerako Langileen Komiteak krisialdi sanitarioaren erdian erasotuak
Iragan martxoaren 8ko goizaldean Israelgo armadako soldaduek Palestinako Health Work Committees erakundeak Ramallahn duen egoitzan sartu eta txikitu egin zuten. Hainbat ordu iraun zuen segadan ateak eta altzariak birrindu eta ekipo informatikoak lapurtu egin zituzten. Gainera, osasun erakundeko langile bat ere atxilo eraman zuten, Tayseer Abu Sharbak, 46 urtekoa.
Erasoa eremu okupatuetan egunero gertatzen diren horietako beste bat izan zitekeen, ez zigun arreta berezirik emango, ez balitz Juani Rishmawi, Hala Bedi Irratiak duela urte askotatik Palestinan duen korrespontsala, elkarte horretako langilea delako. Rishmawi oldarraldia gertatu baino astebete lehenago izan zen etxe honetako Uhintifada irratsaioan elkarrizketan. Solasaldi horretan gure kolaboratzaileak salatu zuen bizi dugun krisialdi sanitarioko testu inguru honetan erregimen sionista osasun arloan ere apartheida ezartzen ari zaiola okupaziopeko populazio palestinarrari. Azaldu zuenez, Israelgo administrazioa hiritar juduen arteko txertaketa kanpainiak burutuz abangoardiko irudia saltzen ari den bitartean, eremu okupatuetako populazioari txertoak ukatzen ari zaiola. Ez da bakarrik indar okupatzaile moduan nazioarteko legediak aurreikusten dion okupaziopeko populazioaren osasuna artatzeko beharrari iskin egiten ari zaiola, hori gutxi balitz, kanpotik iritsitako balizko txertoen sarrera ere blokeatu egin dute. Israelek palestinarrei txertatzeko aukera ukatzeko jokabide hori gerra krimen bat da Genevako Itunaren eta Erromako Estatutuaren arabera, eta txatxukeria bat epidemiologiaren ikuspegitik, izan ere, nekez inmunizatuko baitute Israelgo biztanleria parez pare bizi diren bost milioi palestinarrei inmunizatzeko abagunea murrizten badiete. Baina zitalkeria itsua ez dator bat, nonbait, logikarekin. Eta denik eta zitalkeriarik handiena zera da, mundu mailako izurrite baten erdian osasun arloan diarduen erakunde bat erasotzea. Hori baino gauza miserableagorik!
Lehengo egunean Palestinako Osasun Langileen Komiteek pairatu zuten segada ez da lehena izan eta ez da azkena izango. Akaso oraingo honetan bereziki ankerra izan da, mundu mailako osasun krisialdi baten zurrunbiloaren erdian gertatu delako. Baina guretzat ez da izango egunero Israelgo erregimenak giza eskubideen aldeko erakunde palestinarren kontra burutu ohi dituen eraso horietako beste bat, eraso honetan gutako bat ukitu dutelako. Bihoakio Juaniri, Palestinako gure korrespontsalari, gure besarkada solidarioena, hari eta zailtasun eta jazarpen guztien gainetik palestinarren ongi izateaz egunero arduratzen diren guztioi. Mikrofono hauetan baduzue zuen borroka justu eta duinaren bozgorailua.
Osasuna!
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!