“Nazionalismoa vs. patriotismoa: hitzei nork ezartzen die balioa?” -Patxi Goenaga-
Hitzak asko maite ditut. Aitortzen dut. Hizkuntzak ere maite ditut benetan. Hizkuntzak oro, eta euskara bereziki. Horregatik, maiz entzungo didazue hizkuntzaz hizketan eta hitzen erabileraz gogoeta egiten. Gaurkoan ere hala ariko naiz. Baina ez hitz biluzien gainean, baizik hitzen artean hautua egiterakoan hautatzaile garen gizakiok erakusten dugun jarreraz, konturatuta edo konturatu gabe.
Azken hilabeteotan komunikabideek gure belarriak eta burmuina asetzeraino darabilten gaia da Kataluniako afera (ez dakit nola deitu, egia esan). Txarrena da ez zaiola ikusten amaierarik kontu horri, inoiz amaiera izango badu. ETAren amaiera, aldiz, laster ikus genezake. Ongi etorria izan bedi. Nik behintzat hala uste dut. Gure amama zenari, txikia nintzela, bere errelatoa egiterakoan, orain esaten den bezala, askotan entzuten genion harako hura: ‘bakerik txarrena gerrarik onena baino hobea duk’. Arrazoi zuelakoan nago. Espero dut, nahi nuke, desadostasunak desadostasun, bakea egingo dela eta gizarte askeago batean bizitzeko aukera izango dugula.
Batzuek, hala ere, gerra terminologia gogoan eta ahotan, derrota hitza maite dute. Arerioa disolbatuta ez ezik, garaitua, azpiratua nahi dute, derrotatua. Ez al da nahikoa derrota, zorrak ordaindu eta taldea desegitea bera? Bada, ez dirudi. Hor etorri zaigu Frantzia gozo ederretik, Manuel Valls jauna, bere herriko hauteskundeetan politikoki aski garaitua berau, sari bat jasotzera Donostiara. Gregorio Ordoñez Fundaziokoek emandako saria jasotzera, hain zuzen. Sari honekin “Nazionalismoen kontra eta patriotismoaren alde” egindako defentsa batetik, eta klase politikoari “Europaren ikuspegi historikoago bat izatea exijitu izana” bestetik eskertu nahi izan omen dute Frantziako lehen ministro ohia. Horra bi hitz magiko: nazionalismoak pluralean eta patriotismoa singularrean. Nazionalismoak gaiztoak dira, nonbait, kaltegarriak eta arriskutsuak. Historian zehar gertatu diren eta gertatzen diren kalapita izugarrien sorrarazleak dira, batzuen ustez. Hala mintzatu izan dira zenbait kultur-gizon eta idazle ospetsu ere egunkarietan, behin eta berriro ‘ez-legezkoa’ zela gogorarazten diguten Kataluniako erreferendumaren bezperetan. Nazionalismoak milioika hildako eragin zituela XX. mendean. Hala gogorarazi zigun Albert Boadella antzerkigileak. Eta komunikabideak txaloka… Baina zer da hau?
Zer du nazionalismoak hain fama txarra izateko? Nazionalismo guztiak molde berekoak al dira? Patriotismoa eta nazionalismoa desberdinak bide dira. Hala uste izango dute batzuek, zinismo pixka batekin bada ere. Hala izango da. Baina patriotismo guztiak ere ez dira mota bereko, ez eta nazionalismo deitzen direnak ere. Esaiozue basamortuan kanpamentuetan, beren lurretatik egotziak bizi direnei ez izateko nazionalista, izateko patriotak. Zein patriako? Zein aberritako? Ala Marokok sahararrei buruz izandako jokamoldea patriotismo jarrera bat al da? Eta, aldiz, Polisarioaren jokoa, esaterako, nazionalismo ankerra? Eta Espaniar estatuak garai batean bere probintzia afrikar haietako hura Marokoren esku uztea patriotismo kontua izan ote zen? Gustura galdetuko nieke.
Alegia, hitzei errespetua galdu diegu eta nork bere interesen arabera manipulatzen ditu. Patriota horiek baldin badiote –batzuek dioten bezala- Kataluniako (eta EH-ko) eskoletan nazio amankomunarekiko gorrotoa inokulatzen ari direla eta Hezkuntza sistema berzentralizatu egin behar dela ikasleei benetako historia (errelatoa) kontatu ahal izateko, zertaz ari gara? Nire adineko jendeari “Formación del Espíritu Nacional” erakutsi ziguten. “Espíritu nacional”. Espiritu santua bazela ezin sinistarazi eta espiritu nacional erakutsi behar guri. Batzuentzat beren naziotasuna aldarrikatzea bidezko da eta horri patriotismoa deitzen diote eta patriotismo hori ona da, legitimoa. Baina estatu handi horren barruan norbaitek bestelako proiektu bat amesten badu bere burua beste komunitate bateko kide ere ikusten duelako, alegia, abertzalea bada, orduan abertzaletasun hori arriskutsua da, kaltegarria, nazionalismo bilakatu baita. Juxtu alderantziz.
Eman diezaiegun hitzei dagokien balioa eta ez ditzagun gauzak manipulatu eta geure interesen arabera erabili.
Gogoeta honi amaiera emateko, gogoratu nahi nituzke sari emate honen testuinguruan bertan entzun ahal izan ziren beste zenbait esaldi kezkagarri ere. Omenduak Frantzia eta Espainiaren arteko lankidetza premia aldarrikatu zuen. Lankidetza honek azkeneraino iritsi behar omen du, banda terrorista azpiratu arte, erabateko derrota arte. Sarituak aldarrikatu zuen, gainera, ETAren amaiera ez dela izan behar poliziala eta judiziala bakarrik. Derrota politikoa eta kulturala ere izan behar omen du. Zer izan daiteke talde terrorista baten derrota kulturala? Benetan kezkaturik gelditu nintzen. Pentsatu nahi dut erretorikaren olatuak, berboaren uholdeak, eramango zuela gure lehen ministro ohia baieztapen hori egitera. Bestela, ez dakit zer esan nahi duen, derrota politiko eta polizialaz haratago derrota kultural horrek.
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!