Matar siempre estuvo mal
Matar siempre estuvo mal. Abuztuan izan zen, 29an edo 30ean, ez dut oroitzen. Cáceresen nengoen, orduan hantxe zegoen euskal preso emakumezko bakarra bisitatzen. Afaltzen nuen bitartean, Bilbon tiroketa bat izen zela entzun nuen. Handik eta gutxira albisteak zehazten hasi ziren. Bi hildako, horietako bat Juan Mari Ormazabal, Tturko, hernaniarra eta ETAko kidea, eta bestea Mentxaka abizeneko ertzaina, Iñaki zuen grazia, oker ez banago (hildako guztiak ez zaizkigu berdinak, berdinak diren arren). Etxebarria parkean izan zen tiroketa. Tturkoren taldekidea, Poixtiña arbizuarra, zangoan zauritua (tiroa gibeletik sartua). Gero jakin ahal izan genuen arabera, eguerdi horretan Mentxaka etxean zegoen, bazkaltzen, Txorierri bizkaitarrean, eta abisatu ei zioten gauzak prestatzeko, dispositibo bat zegoela arratsalde horretarako. Bizkaia taldeko kideek, nonbait, hitzordu bat zuten hiru laguntzailerekin, eta hara joan ziren ertzainok, hitzordua jagotera, ETAkideak atxilo hartzera, hortik aurrera segimenduak egitera, auskalo. Ondorioa, aipaturikoa. Eta orain sortzen zait niri galdera: heriotza biak izan ziren bidegabeak? Inork izan al zuen gertaturikoan ardura handiagorik besteak baino? Tturkorena zoritxarreko heriotza izan zen eta Mentxakarena erailketa? Edo alderantziz? Nork disparatu zuen lehenago? Indar (armatuen) koerlazioa euskal polizien aldekoa hain handia izaki, zergatik ez zituzten gauzak bestela egin? Zergatik ez utzi taldea etxeratzen eta, gero, laguntzaileak batetik eta taldekideak bestetik, lasai asko atxilotu? Tturko eta Poixtiña ohiko segurtasun-neurriak harturik aterako ziren etxetik. Hitzordu batera zihoazen eta, badaezpada ere, armak eramaten zituzten. Baina euskal poliziek hori baino gehiago zekiten. Bazekiten egun horretan ehizan zihoazela. Berriro diot, bestela egin zitezkeen gauzak, eta gaur familia bik ez zuten izanen duten mina. Beno, bestela egin izan balituzte, baina asmo onez! Izan ere, gauzak bestela egiteak ez baitu ezertarako balio baldin eta, gero, ETAkideak pisuan setiaturik, arma guztiekin sartzea (oroitzen Cabacas?) erabakitzen baduzu. Ina Zeberiori “Aterako al haiz!” esan izan baliote, agian beste familia batek min gutxiago izanen luke egun. Jeltzale lagun horiek, Ina akabatu zenutenean, hori ere bidegabea izan zen, erailketa izan zen, siempre estuvo mal?
Azken 50 urteotan gertaturikoa azaltzeko errelato bakarra ezinezkoa da egun. Denbora beharko da, eta hala ere. Bitartean, historialariek euren lana egingo dute. Eta bitartean gutariko batzuek gure seme-alabei eta bilobei, etxeko supazterrean, gurea kontatuko diegu. Aurreko astean Eusko Legebiltzarreko harmailetan gonbidatu gisan zeuden ordezkari sindikal horiek nola ziren Euskal Herrira etorri, armaz oparo hornituak, soldata berezi batez, ezer galdurik ez zuten paraje arrotz batera, ezagutzen ez zuten eta, are, gorrotatzen zuten hizkuntza bat mintzo zen tokira, edozein gauza egiteko prest, hiltzeko prest, bai, eta hilik suertatzeko prest ere, .. Ordezkari sindikalak, hay que joderse.
(Idatzondokoa: atzo Korrika iritsi zen Gasteiza. Haria berreskuratzen dut. Euskal nortasunaren defentsa ezin daitekeela izan estrategia eraldatzaile/iraultzailearen ardatza? Euskal independentismoak beste iturrietatik edan behar duela? Dudarik ez baina, nik ikusten dudalarik, bi mugimenduk baino ez dute horrelako freskotasunik: emakumeen eskubideen aldekoak eta euskararen mugimendu honek. Gogoratu Euskaraldia. Espabila gaitezen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!