Martxoak 3
Martxoak 3 elkarteak borondate politikoa eta justizia eskatu zion aurreko ostiralean Gobernu zentralari. 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren arduradunak oraindik ez dira epaituak izan. Rodolfo Martin Villa ministro ohiari Maria Servini epaile argentinarrak Espainian deklarazioa hartzeko baimena emateko eskatu zuten. Horrez gain, San Frantzisko eliza Memoriaren eta Giza Eskubideen Gune bihurtzeko proiektua aurrera ateratzeko behar diren pausuak eman ditezela eskatu zuten. Gasteizko Udalaren, Arabako Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gogora Institutuaren oniritzia badago eta 2014tik ez da elizkizunik egiten bertan.
Oso gogoan dugu oraindela 44. urte Gasteizen gertaturikoa. Langileen eskubideak aldarrikatzeko bi hilabete zeramatzaten greban. Langile mugimendu indartsua zegoen orduan Gasteizen. Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan zeuden langile grebalariak batzar bat egiten eta Poliziak gas negar-eragileak bota eta bildutakoak tirokatu zituen. 150 zauritu eta bost langile hil zituen; Pedro Maria Martinez de Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda. Zigorgabetasuna dagoen bitartean, ez dela justiziarik egongo salatu du Martxoak 3 elkarteak. Egia eta justiziaren aldeko borrokak oraindik jarraitzen duela diote eta langile horiei omenaldia egiteko modurik onena langileen eskubideak aldarrikatzeko kalera ateratzea dela.
2020ko urtea hasi zenetik 16 langile hil dira Euskal Herrian. Horietako bi, Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek oraindik zaborraren azpian jarraitzen dute desagertuta. Langileen egoera ez da batere ona egun. Urtarrilaren 30ean egoera hori salatzeko atera ginen kalera. Emakumeak, gazteak, pentsionistak,…. denak ginen kalean. Badago eta horretarako nahiko arrazoirik. Beraz, gaur ere, Martxoak 3ko ekimenetan parte hartu eta kalera irtengo gara. Memoria egitera eta gaurko langileon eskubideak aldarrikatzera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!