Kontatzen ez dena ez da
Aforismo herrikoi batek dio gerra batean egia dela lehenengo biktimetako bat. Gauza jakina da gatazka armatu batean propaganda hobekien darabilena izan ohi dela garaitzeko aukera handiena duena eta, era berean, garailearen kontakizuna izan ohi dela nagusitzen dena. Kontaketarako baliabideak kontrolatzen dituenak, batekoak zein bestekoak, bere interesen neurrira manipulatzen du kontakizuna. Baina gatazkaren kontakizunaren manipulazio hori, hainbatetan, aktiboa izan barik, kontatzen ez diren ñabarduretan datza.
Afganistango inbasioan, gerora Irakekoan gertatuko zen bezala, CNN telebista kateak bere egin zuen AEBetako Defentsa Departamentuak ezarritako estilo irizpide bat: hildakoen gorpuen irudiak erakustea bazegoen, baina inola ere ez armada estatubatuarraren erasoek eragindako hildakoenak. Halaxe kontatzen zuen Jugoslavian berriemaile ibilitako kazetari beterano batek: Europako prentsako lankideak kexatzen zirela beren hedabideetako zuzendaritzek espresuki debekatzen zietelako NATOko erasoek eragindako hilotzen irudiak argitaratzea.
Gerra bateko ikusle pasiboak izanik, iritsi gara normaltasunez onartzera gatazkako parte interesatu baten kontakizuna baino ez dugula jasotzen, eta gure iritzia manipulatuta dagoela, ez hainbeste kontatzen digutenagatik, baizik eta kontatzen ez digutenagatik. Eta isiltasun itun horren barruan bertsio hegemonikotik aldentzen diren ahotsak deserosoak dira. Deserosoak eta mehatxagarriak. Horregatik, akaso, iritsi gara normaltasunez onartzera euskal kazetari bat, Pablo Gonzalez, Ukrainako gerrako informazioa eman nahi izateagatik Poloniako kartzela batean egotea. Otsailaren 28tik dago gatibu gatazkaren bestelako egia bat kontatzen ahalegintzeagatik, eta egun arte ez dira ezagutzen leporatzen zaizkion balizko delituak. Aste honetan 2022ko Euskal Kazetaritzaren Sarietako bat eman diote, adierazpen askatasunaren atalean. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ematen duten errekonozimendua txalotzekoa da eta baliagarria izan liteke, akaso, ahanzturan eroritako afera hau mahai gainera ekartzeko. Baina nago eskumena daukaten asko ez direla egin ahal duten guztia egiten ari bidegabekeria hau amaitzeko. Pablo Gonzalezen bahiketak eskandalurako motiboa izan beharko luke, baina ezerezean geratu da bigarren mailako albisteen txokoan baztertuta. Berriemailea isilarazita, egiaren zati bat da biktima.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!