[Iritzia] “Araba, uste baino euskaldunagoa” -Iñaki Martinez de Luna
“Gure ingurua uste duguna baino euskaldunagoa da, baina horretaz jabetu behar gara euskaldunak, kontzientzia hartu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak baliatu behar ditugu.” Hitz horiek lapurtu dizkiot Asier Etxenikeri, alegia, Arabarren euskararen ezagutza, erabilera eta iritziak izeneko ikerlanaren egileari, ALEA aldizkariak egindako elkarrizketa bat baliatuz.
Esandako inkestak ematen dizkigun 2015eko datuen arabera, 16 urtetik gorako arabarren ia laurden bat (%23, hain zuzen) gai da ongi edo nahiko ongi hitz egiteko, eta beste % 11,6k ere zertxobait hitz egin dezake. Baina, 16 eta 30 urte bitarteko arabarren artean 4tik 3 dira euskaldun; alegia, euskaldunen eta erdaldunen arteko proportzioa irauli da eta euskara dakitenen proportzioa gehiengoa da.
Orain, gaitasunean gertatu den iraultza hori erabilerara eramateko unea da. Horrela egin ezean, euskaldundu direnetako askok euskara galduko dute edo, gutxienez, hizkuntza hori nabarmen kamustuko zaie. Gakoa da NOLA igaro gaitasunetik erabilerara, ohiko hizkuntza nagusia gaztelania den ingurune batean.
Argi dago aldaketa hori ez dela soilik norbanakoen kontua. Euskaraz gero eta gehiago egiteko asmoa duen pertsonak aukera egokia aurkitu behar du bere inguruan. Horretarako, irtenbide egokiena da euskaraz gehiago egiteko asmoa taldean bultzatzea. Hots, egunerokoan elkarren arteko harremanak dituzten pertsonek asmo hori bera esplizituki azaltzea eta, modu adostuan, euskararako pauso hori elkarrekin ematen hastea.
Ez naiz ezer berririk esaten ari, hizkuntza-aldaketa hori bultzatzen duten ekimenak aspaldian hasiak dira eta. Kontua da Araban halako ekimen gutxi burutu dela oraindik. Salbuespen bat, hala ere, Agurainen izan dugu pasa den azaroan, non euskaraz 75 orduz bizitzeko nahia agertu eta konpromisoa hartu zuten 280 aguraindarrek.
Egia da badaudela hizkuntza-aldaketa bideratzeko beste ekimen eta teknika batzuk ere, Aldahitz eta Kuadrillategi motakoak, adibidez; edota TELP tailerrak… Kasu guztietan, gaitasunetik erabilerarako jauzi hori eman ahal izateko gakoa da kasu bakoitzerako teknikarik edo formaturik egokiena bilatzea.
Baina, horren aurretik, bi dira ezinbestekoak ditugun baldintzak: bata, euskararantz aurrerapausoa eman nahi izatea; bestea, ekimen horretan bidaideak izan daitezkeenen adostasuna lortzea. Agurainen abiatu dira dagoeneko bide horretatik. Zergatik Arabako beste lekuetan ez?
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!