[Iritzia] “Ai gureak! eta agureak” -Patxi Goenaga-
Hitzak dena ematen du. Déna eta dená, horrela esan badaiteke. Esan nahi dut hitza eskuzabala dela: ez du ezer eskatzen, errespetu apur bat ez bada, baina eman, den guztia ematen du. Hitzak hizkuntzari ematen dio eta hizkuntzak hiztunari. Hitza hiztunaren esku gelditzen da, eta hiztunek, premien arabera, edo apetaren arabera ere bai batzuetan, hitz berriak sortzen dituzte, erabiliak direnak. Batzuetan, albora utziak ere gerta daitezke. Hiltzat edo galdutzat eman daitezke. Batzuetan berriz, hiztunaren eskutik atzera berrerabiltzen has gaitezke, adiera berriak hartzen ahal ditu edo erabat alda daitezke. Holako hitzak ere izaten dira hizkuntzetan. Euskaraz ere bai. Horregatik, nik hitzak maite ditut, hizkuntzak, neure ditudanak eta beste guztiak ere bai, maite ditudan bezala. Eta maitasun horretatik sortzen da errespetoa.
Hizkuntza eskubideez hitz egiten dugu baina hizkuntzek ez dute berez eskubiderik. Hiztunek dituzte eskubideak. Alegia, hizkuntza eskubideak aipatzen direnean ez gara hizkuntzaren eskubideez ari, hiztun bakoitzak hizkuntzari buruz dituen eskubideez baizik. Egia da bestalde, hizkuntza bat maite dutela dioten askok aho txikiarekin hitz egiten dutela, zeren hizkuntza maite dela esatea erraza da, hizkuntza horretan mintzo direnek beren hizkuntzan eroso bizi ahal izateko eskubideaz ahanzten bagara. Eta hori maiz gertatzen da.
Eta zertara dator perorata hau? Neure barrua hustu beharretik. Zer nahi duzue esatea? Izan ere, duela pare bat egun, nire gaurko iruzkina zertaz egingo ote nuen gogoetan ari nintzela, paseotxo bat ematera atera nintzen eta, aspaldiko partez Salburuko baso-iztingetarantz abiatu nintzelarik, Gasteiz berriko eraikin handien artean gindoazela, arreta eman zidan eraikin horietako batean esegita zegoen errotulo handi batek: AGURE residencia 3ª edad edo holako zerbait. Agure hitza nabarmentzen zen behintzat kartelean, egoitzaren izen gisa. Harriturik, gogoetari eman nion. Egia esan, kanpotik egoitzaren kokaguneak ez zidan zirrara onik sortu: Salburuko parkea hurbil eduki arren, hormigoi artean kokatutako lehen solairu bat ez zitzaidan, neuretzat behintzat, oso kilikagarri egiten. Aitortu behar dut, urteetan aurrera joan ahala, zenbat eta hurbilago hainbat eta errukarriagoak egiten zaizkidala naturarekin bat egiten ez duten espazio horiek. Arrazoi horregatik edo, atentzioa eman zidan ditxosozko Agure izen horrek. Eta neure artean, kontuan hartzekoak iruditu zitzaizkidan izen hori aukeratu izanaren alde on eta ez hain onak liratekeenez gogoeta egitea.
Lehenbizi, erakunde bati, enpresa bati, haur jaioberri bati… euskal izena jartzeak poz ematen dit.
Deituraz gainera, erakunde edo enpresaren deskripzioa eskaintzen duen izen osoa euskaraz egonez gero, hori ere puntu positiboa litzateke, nire ustez. Kasu honetan ez zen horrelakorik nabaritzen: euskaraz ageri zen bakarra delako Agure hitz hori baitzen.
Eta erakundearen barruan euskaraz bizitzeko edo lan egiteko aukera eskaintzen bada, bikain.
Lehenbizikoa erraza da, azkena zaila, denok ezinean bezala baikabiltza erabilera sustatzeko kontu horretan.
Baina goazen berriro nire begiek ikusi zuten lehenbiziko izen horretara: AGURE. Euskal hitz bat. Baina desegokia, esango nuke, begiratzen zaion puntutik begiratzen zaiola. Gaztelaniazko testuinguru batean kokaturiko euskal hitz bat denez gero, ez da oso ongi ulertzen nolatan, vascos y vascas, todos y todas eta holako bitxikerietan denbora joaten zaigun honetan, agure bezalako hitz bat hautatzea, genero gramatikalik ez duen hizkuntza batetik hain zuzen, generorako markatua dagoen hitz bat. Are gehiago: egoitza horietan, nik dakidala, emakume gehiago egon ohi da gizon baino, bizi iraupenagatik besterik ez bada ere. Ez dut uste gizonei bakarrik eskainia egongo denik zerbitzu hori.
Baina izen honek beronek ere badu beste akats bat. Hitza akats gabea da, noski, baina erabilera bera izan daiteke akatsa. Berez, ‘adineko gizona’ edo esan nahi du, baina lekuaren arabera, bestelako konotazioak ere baditu: seme-alabarik gabeko gizonezko ezkondua, adibidez. Eta bestelako konnotazio peioratibo batzuk ere baditu. Hiztegi Batuak honako ohar hau ezartzen du: “hitz markatua da, gutxiespen balioa du eskuarki, eta ezin erabil daiteke adineko-ren sinonimo oso balitz bezala”. Hitzak ez du errurik, baina hiztunok erantsi dizkiogu halako ezaugarri negatiboak, atso hitzak dituenak bezala. Holako gauzak euskaraz ere gertatzen dira. Nire herrian, esaterako, gizajo hitza ezin da nolanahi erabili, batzuen arabera: “Azpeitiar bati ez deitu gizajo, gero”. Agure-k ere bereganatu ditu konnotazio negatiboak. Gaztelaniazko ‘viejo’-k bezalaxe. Eta hau da nire gogoetaren azken pausoa: onartuko al lukete delako egoitza horretako arduradunek, ‘anciano’ residencia 3ª edad, edo, areago, ‘viejo’ izena erabiltzea: residencia de viejos? Eufemismoetara jotzen da gaztelaniaz, eta euskaraz ere bai, dirudienez. Baina gaztelaniaz onartuko ez luketena nolatan onartzen dute euskarazko hitz hain markatua erabiltzea? Erantzuna erraza da: euskara ez delako esistitzen batzuentzat, heraldika gisa edo ez bada. Nik barkatuko nieke izen hori jarri izana, baldin eta adineko euskaldunak behar bezala artatzeko eta tratatzeko protokoloak balituzte. Baina beldur naiz ez dela hala gertatzen. Euskaraz dakien norbait izan balitz beren artean ez zuketen deitura hori hautatuko. Ziur naiz.
Eta Agure-tik abiatutako neure paseotxoa amaitzeko Atarira sartu nintzen. Han, erakusketa bat, poesiaz eta iradokizunez gainezka aurkitu nuen: Belfoseko Orakulua Josean Morlesín artistak eta Vicente Javier Fernández idazleak jositako gogoeta-bilduma interesgarria. Zahartzaroaz ere mintzatu zitzaidan orakulua, baina horrela idatzita ez bazegoen ere, nik irakurri ahal izan nuen: “ai, gureak ez dik egin oraindik, euskarak bai baitu bizi indarrik”. Eta espero dut ni bezalakoen errieta eta petralaldiek ere zerbait egin dezaketela euskararen iraupenerako. Hala biz! Ala hala bedi? Honetaz, beste batean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!