Intimitatea
Ez gara geure baitakoak (J. M. Barandiaran)
Nola irudikatuko zenuke intimitatea, entzule? Kotoizko leku atsegin eta bare gisa, gure sekretuak lasai partekatzeko gune moduan, barruko pentsamenduen eta emozioen toki erabat pertsonala balitz bezala? Estereotipo asko egon daitezke intimitatearen inguruan, baina horiek guztiak zalantzan jartzen ditu José Luis Pardo pentsalariak Intimitatea deituriko liburuan. Bere ustez, intimitatea hizkuntzaren ondorio bat da eta komunitate bat behar du. Paradoxa ederra! Gure barruan komunitatea al da aurkitzen duguna?
Gure barne mundua adierazteko kanpotik jasotako hitzak erabiltzen ditugu eta norbaitek erakutsi zizkigun hitz horiek. Horra hor hizkuntzaren eta, zentzu horretan, komunitatearen aurrexistentzia. Jaiotzen garenean erabat arrotza egiten zaigu, ez dugu tutik ere ulertzen. Lacanek esan bezala, Bestearen hizkuntzan hitz egiten dugu: geure buruarekin solasean ari garenean ere hitzak ez dira norberarenak. Denok izan gara atzerritarrak gure ama hizkuntzan ere.
Eta, intuizio horri helduz, Jacques-Alain Millerrek, Extimitatea delako kontzeptua garatzen du. Zer ote da? Nola azaldu ezohiko hitz hori? Ez da intimitatearen kontrakoa, baizik eta barruan topatzen dugun baina kanpoan den elementu bat. Ez da kanpokotasun soila. Badirudi ezinezko topologia baten aurrean gaudela, barru-barruan eta, aldi berean, kanpoan dagoelako. Topologia horretan kokatzen du Millerrek aipatu berri dugun hizkuntza, baina badira extimoak diren kontu gehiago ere berak egindako analisian. Non kokatu bestela inkontzientea? Gure lapsusak, gure huts egiteak, gure ametsak. Guk sortzen ditugu baina badirudi kanpoko indar batek eragin dituela.
Ez gara, beraz, geure buruarekiko intimoak: zertan nabil?, zergatik egin dut egindako hori?, zer arraio gertatzen zait? Ez dugu sekula geure burua erabat ezagutzen.
Hizkuntzaz eta inkontzienteaz gain, bestelako extimitateak ere aipatzen dira Millerren ikerketan: besteak beste, heriotza. Norbanakoarena da eta, aldi berean, hain kanpotarra! Historian zehar gure bila datozen hamaika irudi sortu dira heriotza irudikatzeko: Mendebaldeko kulturan ezaguna da, adibidez, kaputxa beltza eta sega eskuan hartuta datorren eskeletoa.
Eta zer esan dezakegu, era berean, kontzientzia moralari buruz? Ez al da kanpotik datorren eta barruan txertatuta daramagun ahotsa? Batzuetan, gainera, oso modu exijentean entzuten dugu. Horra hor Kantek formulatutako inperatibo moralaren sadismoa: gure sentimenduei inolako kasurik egin gabe, itsu-itsuan bete behar dugu ahotsak agindutakoa, sufrimendu itzela eragiten badigu ere: joka ezazu zure ekintza lege unibertsal bilakatu ahalko balitz bezala. Barruan entzuten da kanpoko mandatua.
Beraz barruan ala kanpoan? Kanpoan ala barruan? Agian ezin da muga hori hain zorrotza izan; agian hobe da bien harteko zuloa, pasabidea, tapatu gabe mantentzea. Zintzoak izanda, barruko hutsune arrotza daramagu gurekin. Eta, again, extimitate hori onartzea izan daiteke egokiena. Adibidez, arrazakerien kontra egiteko onarpen baliagarria izan daiteke. Ez besteak eta ez gu, ez gara intimoak: arrotza gure barruan dago eta egongo da. Horren inguruko hausnarketa ederra egiten du Jean-Luc Nancy pentsalariak. Harrigarria egin zitzaidan, 1999an xenofobiaren kontrako jardunaldi batzuetan hitz egitera gonbidatu zutenean, berak esandakoa. Bihotza aspaldian ez zebilkion ondo, eta, jada, ezin zuen taupadaka jarraitu. Hori dela eta, transplante bat egin zioten eta bihotz berriak bizirik jarraitzeko aukera eman zion. «Baina norena ote da bihotz hori?», galdetzen dio bere buruari Arrotza liburuan: ijito batena? Beltz, judu edo homosexual batena? Horrelako galdera probokatzaileak botazen ditu, arrotza ziotzaion bati esker bizi zela aldarrikatzeko, arrazakeriaren kontra egiteko.
Kontuak kontu, intimitatea eta komunitatea lotuta daude. Orain ere, hitz egiten nagoela, entzuten zaudela, bakarrik eta elkarrekin gaude. Biak batera, bakadade komun honetan bidaideak gara, hutsune tapaezina partekatzen dugu.
Iñigo Martínez Peña
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!