Hitzez eta ekinaren ekinez
Adierazpen artistikoek berez, ez dute agian iraultza e(ra)giten, baina ez dago arterik gabeko iraultzarik eta hori etsaiak jakin badaki. Gaur egun Estatu Espainiarra da artista gehien kartzela zigorrrakin kondenatuta dituenak munduan. 14 hain zuzen, denak musikariak, guztiak raperoak, komunistak gehienak. Orotara, 122 espetxe zigor ezarri dira erreinu dekadentean 2004tik hona, terrorismoa goraipatzea aitzaki. Eta ezetz asmatu, delituzko abestiek monarkia, burgesia, oligarkia edo poliziaren kontrako mezuak biltzen dituzte. Adibidez: “martillazos a oligarcas en las sien, analiza esto y dime: ¿Terrorista quién?” edo, “Burgués, ni tu ni nadie me hará cambiar de opinión, cabrón, seguir el acto de fusilar al Borbón”
Adierazpen askatasuna aldarrikatzen dugu holakoetan. Eta batek pentsa dezake inoiz baino libreagoak garela zentzu hortan, sekula ez dela hedabide gehiago egon eta edozein mezu helarazteko aukera gehiago. Ados, baina gaur egun arazoa ez da presentzia izan edo ez, baizik eta zenbat eta nolakoa. Zenbat orduz, zenbat telebista kateetan, zenbat saiotan, nolako pelikuletan, zelako abesti edo albisteetan eraikitzen duzun zure errelatoa, zure interesen arabera komeni zaizun oinarri ideologikoa. Eta sorpresa, komunikabide eta produktora handien jabeak filia eta fobia ezberdinak izan ditzakete, baina klase interes berdintsuak dituzte eta elkarlanean ondo dakite.
Eta beste batek pentsa dezake, hain maltzurrak badira, zergatik ez ote dituzten mezu berdintsuak botatzen dituzten pertsona guztiak kondenatzen. Horra hor erantzuna: xuhurrak eta apur bat alperrak ere badirelako. Merkeago ateratzen delako, gutxi batzuk zigortzearekin nahikoa delako lortu nahi den efektua eragiteko. Gerran bezala, balak urriak direnean, ez dituzte etsai guztiak hil beharrik, garrantzitsuena da bizirik dirautenak besteekin zer gertatu den jakin dezaten. Horrela isiltzen ditu bala bakar batek hamaika bihotz.
Gerran ez dakit, baina borrokan gaudela bai, borroka etengabean, klase borrokan hain zuzen. Arazoa da, klase kontzientziarekin gertatzen den bezala, badirudiela borrokan gaudela ere batzuk bakarrik ohartu direla, eta irabazten doaz. Zapaltzaileek ongi dakite norgehiagoka honetan ezin direla minutu bakar bat erlaxatu, eta estruktura kapitalista esplotatzailea arriskuan jarriko duen edozer, lehenbailen eta errotik, ezabatu behar dutela. Eta guztiz logikoa da, euren pribilegioak mantenduko dituen egitura politiko-ekonomikoari eusteko edozein disidentzia isilarazi beharko dute, eta egiari zor, horretan (ere) fin ari dira. Ekintza iraultzaile bihurtzeko arriskua ez duten mezuak ez dira beraientzat arazo. Horregatik adierazpen arrazistak, matxistak, faxistak edota progreak ez dituzte kondenatzen, hauek ez dituztelako sistemaren zutabeak higatzen, are gehiago, bere zimenduak indartu eta biziberritzen ditu.
Adierazpen askatasunaz ari garenean zertaz ari gara? Zein da aldarrikapena? Biolentzia basati batek eusten duen sistema injustu honen kontra, abesten, idazten edo txiokatzen laga diezaguten? Galtzaile izatera ohitu garela dirudi eta gutxienez kexatu ahal izatea eskatzen dugula.
Bestalde, hitz egin dezagun argi. Zergatik defenditzen dira ezarritako kondenak hitz soilak direla esanez? (ez diot epaitegian, defentsarako estrategia zilegi deritzot) Pentsamendu hutsa direla diote, berau desjabetuz, ideiak boteretsuak ez balira bezala, hitzak edukiz hustuz. Baina hitzak dakar egintza, horregatik (demokrazia burgesa legez) adierazpen askatasunak obedientzia irauten duenak irauten du.
Aukeran justizia nahiago, eta horretarako agian, arkatzaz gain, gillotinaren bat zorrozten hasi beharko ginateke. Eta orduan bai, askatasun hitzak beste osagarririk behar ez duenean utziko diogu batzuen exekuzioa amesteari. Orduan garaipenari musikaz blai oihukatuko diogu, bala bakoitza oroituz, hamaika bihotz gorriak goraipatuz, hitzez eta ekinaren ekinez.
Naiara Bernal Albizu
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!