Heriotz zerbitzuak publikoak izan behar dira
Azkenengo asteetan COVID-aren gaixotasuna eta honen ondoriozko heriotza ezagutzea tokatu zait niri eta nire gertukoei, gogorra izan da, oso gogorra heriotzara zeraman prozesu guztia, osasun zerbitzu publikoetako lana goraipatzeko modukoa da egiten ari duten guzti-guztia, ez dut ezer berririk esango zentzu horretan.
Hala eta guztiz ere, heriotza iritsi zen, eta jakin badakit ze mingarria den gai hau ateratzea, ihesi egiten diogun gaia da heriotzarena, inoiz ez gaude prest, inoiz ez da tokatzen, eta ia guztietan ezuztekoan eta prestatu gabe harrapatzen gaitu.
Kalean ez dago honen inguruko eztabaidarik, tokatzen denean, bakoitzak ahal duen moduan eramaten du eta aurrera. Osasuna edo hezkuntza publikoa izan behar duela defendatzen dugun moduan, heriotz zerbitzu publikoaren meloia noizbait ireki beharko dugu.
Heriotza batean osagai asko jokatzen dute, genero rolak, kultur, genero identitate eta sexu aniztasuna, bada osagai ekonomikoa, jatorrizkoa…. Ugariak dira heriotza batean agerian geratzen diren elementuak.
Hiri honetan, eta inork kontrakoa esaten ez duen bitartean, hildakoa kristaua da, eta beraz kristauen sinbologia osoarekin joango da kontrakoa esaten ez bada, horrek guztiak baldintzatuko du prozedura osoa, eskelaren idazketa, hil kutxaren eredua eta prezioa, loreen kontua,….
Loredun oroitzapenak gordeko dituzte emakumeentzat, itsasontziak edo basoen irudiarenak gizonentzat, eta, horrela, hamaika adibide jar ditzakegu.
Hildakoak edo bere familiak baliabide ekonomikoak baditu, eta heriotza garestia da, arazo gutxi izango ditu, baina baliabiderik ez badu, prozesua pixkat luzeagoa izango da, gorpuaren ehorzketa udalaren esku geratuko da, baina honek ezinbestekoak diren beharrak baina ez ditu kubrituko, adibidez hildako horrek ez du eskela bat izateko eskubiderik izango, beraz, bere gertukoek ez dute izango heriotza horren berri izateko modurik. Badira baliabide ekonomikorik ez duten pertsonak eta aldiz ingurune soziala dutenak, gezurra badirudi ere batzuk txundituta geratzen dira hau entzuten dutenean, eta ingurune horrek badu heriotza horren berri izateko eta hildakoa nahi duen moduan agurtzeko eskubidea.
Gasteizen heriotza zerbitzuak ematen dituzten hiru enpresa daude, hiru enpresa pribatu, horietako bi Estatuko handienetakoak. Legeak gutxieneko tanatorio pribatu edo publiko bat agintzen du 10.000 biztanleko. Eta nik diot, zergatik ez publikoa den bat?
Amets Martinez de Heredita
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!