Hemen herri duina dago!
Haserre gaude, joan den barikua jaieguna izan zen nire herrian, Dolumin Barikua, festa egun inportantea denentzat, baina bereziki guretzat baserritarrontzat. Baina haserre gaude, ez gaude iji ta ujurako. Horregatik jarri genien manifestazio bat, egun horretan bertan, jaiaren erdian ehunka pertsonak lagunduta.
Haserre gaude, gure muturren aurrean ikusten ari garelako nola saiatzen diren gure eskualdea suntsitzen Amazonek lan esku merkeagoa izan dezan. Haserre gaude eta horregatik manifestaziora gonbidatu genituen 138 egun greban daramatzaten Artiacheko langileak, MM Mercedariaseko langileak, krisiak, prekarietatea, pobrezia, deslokalizazioa, kaleratzeak, pribatizazioa, lan-istripuak… jasaten ari diren oro.
Haserre gaude, eta horregatik planteatu genuen manifestazioa SOS Aiaraldea dinamika barruan. Haserre gaude eta badakigu batek jasan behar duena guztiok jasaten dugula eta kontu honetan behintzat ez daudela arazo indibidualak, batzuen zikoizkeriak eraman gaituen ondoratze kolektiboa baino.
Haserre gaude, Aiaralderako hain sonatua izan den Plana, Mister Marshall hura bezala, joaten ikusten dugulako, dagokion bulegoetan zepilatua jasan ostean. Haserre gaude, Plan hori ezartzeko neurriak work coffea edo horietako ostia bat besterik ez direlako, eta horietara ez dutelako zerbait interesgarri eta entzun nahi izaten dutenaren ezberdina esan dezakeen inor gonbidatu.
Haserre gaude, zurrumurruak diolako baserritarrak etxera bidaltzeko hiltegi pribatu bat eraikiko dutela, finantzaketa publikoarekin, eskualdetik “gertu” baina ez bertan. Haserre gaude arazo kolektiboei konponbide indibidualak planteatzen dizkietelako, eta haserre gaude eskualde honek galdu duena azpiegitura publiko bat izan delako.
Haserre gaude, baina ez gara geldituko zuek etsituta ikusi arte. Haserre gaude, baina gure haserretik ekintza konstruktiboak aterako dira, gu manejatzeko erabiltzen dituzuen hariak ebakiko dituztenak.
Hemen herri duina dago!
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!