“Haize, uhin eta zulo beltzen gainetik” -Iñaki Martinez de Luna-
Ia hilabete igaro da Euskaltzaindiak XXII. Jagon Jardunaldia Gasteizen egin zuenetik.
Bertatik atera litekeen ondorioa honako hau da: “Araba uste baino euskaldunagoa da, horretaz jabetu behar dugu euskaldunok eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak gehiago baliatu behar ditugu.”
Jardunaldian begi bistan gelditu ziren euskararen alde Araban egiten ari den lan handia eta, horren eskutik, sortzen ari diren dinamika zein bilgune berriak. Horiek guztiak belaunaldi gazte batek mimoz egosiak eta zerbitzatuak. Haizeak euskararen alde jotzen du, Araban. Ba al dago gehiago eskatzerik?
Bai, dudarik gabe, badago. Izan ere, aldeko haize horrek itxura handiagoa du brisa ahularekin euskara gizarte osora zabalduko lukeen haizete indartsuarekin baino. Zergatik?
Bada, esandako jardunaldian hiru hutsune eta gabezia mota nagusi aipatu ziren. Bata, orokorra eta hainbat partaidek modu batera edo bestera esanda, baliabideen eskasiarena da. Euskararen langileek edo, hobeto esanda, gudariek ez dute armada ongi ekipatu baten itxurarik, isilpeko edo ezkutuko gerrillariena baizik. Denetik egin behar dute, beraien kasa eta baliabide eskasekin. Hari fin baten gaineko ekilibrista gisa dabiltza etengabeko borrokan.
Bigarren kexa, irratientzako lizentzien esleipenaren inguruan izan zen, Hala Bedi irratiko ordezkariaren ahotik eginda. Kontua da, Araban euskarazko kate bati zuzendu behar zitzaion lizentzia bakarra, erdarazko kateetara bideratu zela. Gaztelaniaren aldeko irrati-uhinen desoreka are handiagoa egin zen, denborale bortitzeko olatuak bezain handia.
Hirugarren arazo mota Trebiño Konderritik iritsi zen. Han, euskararen alde egin diren urratsak miresgarriak dira, baina horretarako izan duten helduleku ia bakarra herritarren babesa izan da. Batetik, Castilla-Leongo erkidegoan, euskara Afrika edo Asiako hizkuntzak bezain arrotza da, ez baitu erkidego autonomikoaren ofizialtasunean zirrikitu txikienik ere. Bestetik, Trebiño Arabako erakundeen eskumenetatik kanpo gelditzen da; ez da Araba, euskarari dagokionez, gure lurraldeko bihotzean dagoen zulo beltza baizik.
Dena den, haize pattal, uhin ahul edota zulo beltzen gainetik, euskararen aldeko arabarron gogoa, lana eta lorpena gailendu ziren Euskaltzaindiaren jardunaldian. Gaitz erdi!
Iñaki Martinez deLuna
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!