“Gure Gasteiz” -Bego Ozaeta-
Hala Bedik argitaratu duen artikulu interesgarri bat heldu da nire WhatAppera. Halabelarriak zarete, beraz, seguru aski dagoeneko irakurri duzuela ziur nago, eta badakizue Ahoztar Zelaietak egin duen ikerketari buruz hitz egiten ari naizela.
Ez baduzue irakurri, mesedez, joan zaitezte webgunera eta irakurri, galdu ezinezkoa da-eta.
Artikulu honetan, Gasteizen egun hauetan hain famatu den erdiguneko lokalen erosketari buruz hitz egiten dute. Bueno, egia esanda, ez horri buruz, operazio erraldoi horren atzean dagoen pertsonari buruz, baizik: Juan Mari Uriarte enpresarioa. Gasteizko ofizialtasunarentzat, enpresario modeliko bat, gasteiztar petoa, eredu bat gure agintarientzat.
Baina artikulu honek Juan Mari Uriarteren beste aurpegi bat erakusten du. Gasteiztar eta arabar harroa, zergatik ez izan? Baina enpresari modelikoa? Ahoztar Zelaietak artikulu honetan esaten duena beste istorio bat da: maniobras especulativas, conflictos judiciales, administrativos y laborales, infracciones, obras sin licencia, deudas, ordenes de embargo o notificaciones en paradero desconocido…
Enpresario modeliko honek erosi omen ditu Gasteizko Erdiguneko lokal asko eta asko. Momentu honetan Dato eta Forus kaleak desertizatzeko prozesuan daudela dirudi, Zaramaga, El Pilar eta beste auzo batzuk bezala.
Eta hau zergatik? Gure betiko dendak eta tabernak desagertzen ari dira. Gure historia, txikitatik ikusi ditugun dendak eta ezagunak ziren dendariak… hori dena, pikutara. Kaleak tristeagoak dira, auzoek bizitzarik ez daukate, ez ditugu dendariak, tabernariak edo auzokoak ezagutzen, denda handira joaten gara astean behin erosketa erraldoia egiteko, eta egunon ere ez dugu esaten agian: “deshumanizatzen” ditugu gure hiriak, gure bizitza.
Eta teorian ondo zegoena, Erdigunea, hil egiten dugu: betiko dendak itxi dituzte ez dakigu zer demontre egiteko. Amerikar ereduko zentro komertzial bat? Gure ohiturak eta gure nortasuna amerikanizatuko dugu? Lagunekin irten beharrean, zentro komertzialera joango gara? Gure solasaldiak han izango dira? Zara batean? Benetan hau da nahi dugun hiria? Hauek dira gure seme-alabentzat nahi ditugun solasaldiak? Kontsumoa bakarrik?
Auzo ilunak eta tristeak, bizitza barik, eta dagoen bizitza dena leku baten super-komertzializatua? Ni euskalduna naiz, eta ez amerikanoa, nik gure bizimodua gura dut, gure nortasuna, gure denda txikiak, ezagunak, gure betiko janariak eta edariak, gure ohiturak , gure taberna zaharrak, gure poteoa: gure bizitza, gure bizidun hiriak.
Bego Ozaeta
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!