Gasteizko Udalaren erabakien aurrean, indarkeria matxistarekin amaitzeko antolatu!
Bizi dugun krisi kapitalistan indarkeria matxistak gora egin du. Albisteei erreparatzen badiegu, Gasteizen, gutxienez, 27 emakume erasotu dituzte 2024an. Eta oraindik urtarrilean gaude. Hauek, gainera, ez dira kasu isolatuak; emakume langileok egunerokotasunean jasaten dugu indarkeria matxista (erasoak, hipersexualizazioa eta gutxiespenak, besteak beste).
Guzti horren aurrean, alde batetik, faxismoaren gorakadarekin batera gailendu diren ideia erreakzionarioek indarkeria matxista ukatzen dute, gertakarien normalizazioa eraginez; eta bestetik, alderdi aurrerakoiak neurri ezberdinen bitartez (zerbitzuak eta diru laguntzak sortuz edo murriztuz, kasu) indarkeria matxistaren gestiora mugatzen dira. Ez dute egiturazkoa den arazo honekin amaitzeko gaitasun ez borondaterik, eta horren ondorioak emakume langileok pairatzen ditugu.
Horren adibide argia da aurreko astean ezagutu genuena: Gasteizko udalak bertan behera utzi du indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako doako zerbitzu psikologikoa. Hau guztia, ez ahaztu, haien burua progresistatzat duten alderdiak daudelarik Udalean. Berdintasuna ahoan dutela, emakume langileok miseriara kondenatzen gaituzte.
Anitzak dira orain arte, zerbitzu honi esker, bizi izandako indarkeriarekin elkarbizitzeko laguntza jaso duten emakumeak. Izan ere, Gasteizko udaleko postontzian adierazi duten bezala, astean zehar arnas hartzeko unea baitzen hura. Argi dago psikologia zerbitzuaren eteteak hutsunea utzi duela beharra zegoen esparru batean, non inongo alternatibarik ez den proposatu. Are gehiago, psikologiako beste zerbitzu batzuk daudela defendatu du Udalak, zeinak guztiz gainezka dauden eta, kasu batzuetan, itxaron-zerrenda 5 hilabetetik gorakoa den. Honek agerian uzten du Udalak ez dituela emakume langileontzat kalitatezko bitartekoak bermatzen, estrukturala den arazo baten aurrean, horren kudeaketara soilik mugatzen baita.
Honen aurrean Itaiatik, lehenik, Udalak hartutako erabaki hau salatu nahi dugu, indarkeria matxista jasan duten emakume langileak baztertu eta haien ongizatearen aurkako eraso bat baita. Bigarrenik, emakume langileon babesa antolatzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu, bai baldintza materialak bermatuz, zein baldintza pertsonal eta sozialak garatuz ere. Horretarako, instituzioetatik kanpoko antolakuntza politikoa garatzea eta indartzea beharrezkoa dugu gure interesak defendatu ditzagun eta, finean, zapalkuntza forma guztiei aurre egin diezaiegun.
Instituzioak emakume langileon miseriaren erantzule!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!