Euskaldun super-super jatorraren erasoa
Berriro jaso dut albistea, ohi bezala ikasturte hasieran: ikasle batek euskaldun super-super jatorraren erasoaren berri eman dit. Ez dut gogoratzen oraingoan euskaldun super-super jator hau Azpeitikoa, Ondarrukoa ala Goiherrikoa zen. Berdin dio, erasoa antzekoa da beti: “hori ez da euskara”, modu batean edo bestean; gure kasuan arabar gazte bati esanda, unibertsitate giroan, eraso hauen ohiko lekuetako bat.
Garai batean bazeuden hizkuntza-garbitasunaren zaleak, eta euskaraz aritzen zirenei aurpegiratzen eta lotsarazten zitzaien jarduna “cashero”, “aldeano” eta honelakoekin. Helburua argia zen: euskaraz hitz egiteari utz diezaiola.
Hizkuntza-garbitasun berriaren zalea, hau da, euskaldun super-super jatorra, bide beretik doa, baina beren gustuko euskara egiten ez duena, arabarra kasu, erabiltzen duen euskaragatik lotsagarri uzten saiatzen da. Helburua, zein? Euskaraz hitz egiteari utz diezaiola gazte horrek? Izan ere, frantsesez edo gaztelaniaz egitean oso ezohikoa da inork inori ezer aurpegiratzea bere hizkera dela eta. Baina euskararekin badirudi beti dagoela norbait prest euskaraz aritzen dena lotsarazteko, modu batean edo bestean.
Euskal Herrian euskaraz oso era desberdinetan egiten da berba. Ez dira soilik euskalkiak eta beren barneko hizkera desberdin ugariak; zorionez euskara gero eta gauza gehiagotarako erabiltzen da eta erregistro desberdinak ditu. Esparru sozial eta geografiko berriak bereganatzen ari da gure hizkuntza eta horrek nahitaez hizkuntzaren aniztasuna eta aberastasuna dakar. Gasteizen egiten den euskara ez da izango Berrobikoa bezalakoa, baina Berrobikoa ere ez da Zeanurikoa, Behorlegikoa edo Iruñakoa bezalakoa. Euskara desberdinak egotea normaltasunez onartu behar genuke. Gainera, hizkuntzan guztietatik guztiok ikas dezakegu, hizkuntza batean etengabe ikasten ari baita hiztuna, beti dago hitz berriren bat, esamolderen bat, erabilera bat …
Arren, super-super euskaldun hori, benetan adierazi behar baduzu besteren bat baino gehiago/hobea/jatorragoa/guaiagoa/epatantagoa… zarela, grina horri ezin badiozu eutsi, zu baino indartsuagoa bada … ez erabili euskara, mesedez; pentsatu beste konturen bat, futbola, lanbidea, arropa … nik zer dakit. Baina utzi bakean euskaraz aritzen diren gazteak.
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!