EUNEIZ? Ehun ez!!!
Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak sustatzen duen eta Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duen European University Gasteiz (Euneiz) unibertsitate pribatua sortzeko legeak Gasteizko Legebiltzarrean izapidetzen jarraitzen du, batzordean onartu eta gero, EAJ, PSE, PP+Cs eta Voxen aldeko botoekin. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren aurkako bozkek ez dute balio izan lege-proiektua osoko bilkurara joan dadin geldiarazteko. Onarpena lortzeko oztopo nagusia “unibertsitateak sortu eta baimentzeko espainiar errege dekretu berria” izan da. Araudi honek 2015eko aurrekoa indargabetzen du, eta, besteak beste, unibertsitateen proiektu berriek baimenduak izateko bete behar dituzten baldintzak arautzen ditu. Hori dela eta, gobernukideek zortzi zuzenketa egin dizkiote lege-proiektuari, eta, besteak beste, jatorrizko proposameneko fakultate, gradu eta masterren zerrenda kendu dute, eta horren ordez, idazketa orokorrago bat planteatu dute, unibertsitate-eskaintza “aplikatu beharreko araudiari” egokitu beharko zaiola esanez. Irakaskuntza pribatuaren aldeko apustua egiten jarraitzeko estrategia zekena. Izan ere, EAJ-k -eta bere gobernukideek- irakaskuntza pribatuaren alde jo dute beti. Izan ere, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak argitaratutako datuen arabera, Euskadi da unibertsitateaz kanpoko etapa guztietan itunpeko irakaskuntzan ikasle gehien dituen autonomia-erkidegoa.
EUNEIZ unibertsitatea, irabazi asmoa duen erakunde bezala sortzea du helburu lege proiektuak, eta honek, LAB-ek salatzen duenez, Euskal Unibertsitate Sistemaren pribatizazioaren areagotzeaz gain, merkantzia bihurtzea ere dakar, elite bati zuzenduta, irabazien eta errentagarritasunaren menpe jarriz unibertsitate ikasketak. Gainera, eskainiko dituen titulazioetako batzuk dagoeneko badaude Euskal Unibertsitate Publikoan, azken honen kalterako dena. Ez da zehazten euskarari emango dion tratamendua ikasketetan. Ez da ezagutzen nola osatuko den klaustroa, ez irakasle-ikertzaileen artean gutxieneko doktore tituludunak izango dituen, ezta zein baldintzatan kontratatuak izango diren ere. Hau dela eta, Unibertsitateko enpleguaren prekarizazioa bultzatzeko ate irekia ere izan daiteke. Honen adibide hurbilekoa Zapateneoko gure kidea den Adrian Almazan-en kasuan aurki dezakegu: Deustuko Unibertsitatetik kaleratu baitute, irakaskuntza- eta ikerketa-lanarekin zerikusia duen inolako arrazoirik gabe, soilik erakundera edo arduradunen eskakizunetara ez egokitzeari buruzko justifikazio lausoak alegatuz. Zapateneon ondo ezagutzen dugu Adrian eta kapitalismoarekiko duen jarrera kritikoa; ondo ezagutzen dugu ere kapitalismoak menderatze eta kontrol sozialerako erabiltzen dituen bitartekoekiko bere ikuspegi kritikoa ere: teknologia, digitalizazioa, adimen artifiziala, estraktibismoa… baita ondo ezagutzen dugu ere bere ibilbidea, bizi nahi dugun munduari buruzko iritzia eta eztabaida sortzen saiatuz. Eta jakin badakigu ere pertsona osoa dela, eta ez diela bere burua merkatuaren interesei saltzen, Unibertsitate-erakunde bati ez dagozkionak. Horregatik, elkartasuna adierazten diogu gure kideari, bere kaleratzea salatzen dugu, eta erabat gaitzesten ditugu unibertsitate pribatuak, haien interesak errentagarritasun ekonomikoa edota ideologikoa baitira, edo biak batera. Hau al da nahi dugun sistema unibertsitario eredua? …eta, gainera, gure diruarekin finantzatuta; izan ere, astirik gabe geratu naiz esateko Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektuan egindako inbertsioaren erdia baino gehiago jatorri publikokoa izango dela. Hain zuzen ere, 33,2 milioi euro, Josean Querejetak sustatzen duen proiektuak 64 milioi euro izango dituela aurreikusten baita. Euneiz? Bai zera. Ehun ez!!!
Ez dut amaitu nahi aipatu gabe bihar, Azaroak 6 larunbata, hezkuntza publikoaren aldeko manifestazio bat egingo dela Bilbon, eta Hezkuntza Ordezkaritzatik (Kale Nagusia, 85) aterako dela arratsaldeko 5etan. Aukera ederra hezkuntza pribatuari ezetz esateko!
Mikel Lacalle (Zapateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!