Etengabeko Nakba
1948ko maiatzaren 15a belaunaldi desberdinetako palestinarrentzat bihotzgabekerian oinarritutako data bat da, Nakba edo hondamendiaren eguna bezala ezaguna duguna; hau da, Israelgo estatuaren sorreraren eguna. Palestinarrentzat Nakba ez da gertaera historiko bat bakarrik, 1880 hamarkadan europako zionistek hasi zuten prozesu baten jarraipena da gaur arte iraun duena. Haien helburua juduentzat bakarrik izango den lurralde oso bat lortzea da eta horretan ari dira eta ordutik, palestinarren desplazamendua ez da inoiz gelditu.
Nakba dela eta, 750.000 palestinar inguru kanporatu zituzten herri eta herrietatik etorkin judu berriei lekua egiteko eta ehunka herri suntsitu zituzten. Palestinar haietako gehienek inguruko herrialdeetara ihes egin zuten, eta han errefuxiatu gisa bizi izan ziren. Gaur egun, 5 milioi palestinar bizi dira Zisjordanian eta Gazako Zerrendan eta beste 1,5 milioi Israel 1948ko mugetan eta 6 milioi inguruko herrialdeetan eta mundu zabalean.
Benjamin Netanyahuren lehen ministroaren egungo Israelgo gobernuak anexio eta okupazio lanetan jarraitzen du. Maiatzaren hasieran esaterako, belaunaldiz belaunaldi bertan bizi izan diren gutxienez sei familia Sheikh Jarrah Jerusalem ekialdeko auzotik bota dituzte kolono juduak bertan bizi daitezen. Horren aurrean protesta handiak egin dituzte. Bestalde, atzo goizetik hasita, Al Aqsa mezkitaren zabalgunean, Israelgo indarren beste esku-hartze bat egon zen. Gas negar-eragileak, granadak eta gomazko balak jaurti zituzten bertan errezatzen ari ziren palestinarrei eta ia 400 zauritu egon ziren. Bitartean, sionistak hiriaren ekialdeko sektorearen okupazioaren urteurrena ospatzen ari ziren urtero legez.
Sheikh Jarrahn eta Mezkitako zabalgunean gertatutako ikusita, Hamasek bi orduko tartea eman zien atzo Israelgo indarrei bertatik alde egiteko eta ondoren, suziriak jaurti zituzten eta horietako 7 Jerusalem ingururura heldu ziren. Eraso horri erantzuteko, Israelek Gazako Zerrenda bonbardatu zuen beste behin eta gutxienez 22 hildako daude horietatik 9 adin txikikoak eta hainbat zauritu. Gau guztian jarraitu dute erasoek.
Egoera honen aurrean, palestinako herri eta auzoetan kalera atera dira protesta egiteko. Okupazioaren eta erasoen aurrean palestinar herriak erresistentziarekin erantzun ohi du. Bien bitartean palestinar herriaren okupazioa dela eta, nazioarte mailatik apenas dago erantzunik. Egoera hori salatzen ez dugun bitartean, gure gobernuek edo gure enpresek, Cafek esaterako, dituzten proiektuek palestinarren lurrak kendu eta okupazioa indartzen eta babesten duten bitartean, gu ere konplize egiten gaituzte. Ez gaitezen izan konplize eta izan gaitezen aktibo herri palestinarraren alde. Datozen egunetan eta larunbatean bertan mobilizazio ugari egongo dira. Eman dezagun pausua elkartasunerantz!
Alaitz Amundarain
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!