Eguberritik Madalenara
Eguberritan gaude. Zorionak, hortaz, beste ezer baino lehen. Eguberri zoriontsu eta urte berria ere berdin. Hitz hauek zer esan nahi duten?.. zori ona opa dizuedala guztioi. Amaitzear dugun urtea luze joan bada, hurrengoa ere hala izan dadila, hamabi hlabetekoa, alegia. Hamabi hilabete bai, baina ez dakizkigula aurtengoak bezain luze gertatu.
Zorionak! Horrela esanda, Eguberrietan oso arraro egiten zait: “zergatik ematen dizkidazu zorionak” erantzuteko gogoa etortzen zait. ‘Zori ona opa dizut’, edo ‘zoriontsu izan zaitezela opa dizut’ esan nahi bada, ‘egun zoriontsua izan dezazula’, edo ‘urte berri zoriontsua izan dezazula’ esan nahi bada, ‘egun on izan dezazula’ edo ‘urte berri on izan dezazula’, ongi legoke. Garai batean –behin adin batera iritsiz gero, horrela hitz egin dezakedalakoan nago- Eguberri on eta urte berri on! esaten genuen. Edo Gabon zoriontsuak… edo Eguberri eta urte berri on. Iragarkietan, berriz, Eguberri- Urte berri zoriontsuak edo gogoan dut beste hau, gaur ez ikusten ez entzuten dena: Eguberri, urteberri, izan zoriontsu beti, bertsotan. Azken urteetan eguberri on edo eguberri zoriontsu ezkutatu dira eta Zorionak soil bihurtu da.
Susmoa dut Eguberri, edo zer esanik ez, Natibitate edo Gabon hitzak, duten erlijio kutsu nabarmenagatik edo, ezabatu nahi izan direla eta horrela nagusitu zaigula gaurko ‘zorionak’ biluzi hori, ezein erlijio edo tradizio kutsurik gabeko adierazpen hori.
Gaurko hiztegietan, ordea, nola ez, Eguberri hitza jasotzen da, abenduaren 25ari erreferentzia egiteko. Periodo edo aldia aipatzeko, berriz, eguberri(ak) eta gabon(ak) jasotzen ditu Sarasolaren Zehazki hiztegiak. Hortaz Natibitate hitza erabiltzeko arazoak dituenari Eguberri hitz ederra ez baztertzeko eskatuko nioke. Bide batez, herri mailakotzat ematen du hitz hau Euskaltzaindiaren hiztegiak.
Gainera, eguberri hitzak, berez, egun berri esan nahi duela uste dut, ekinokzioarekin zerikusiren bat duena, sasoi honetan hasten baita eguna luzatzen. Alegia, gau luzeenak pasatu ondoren egun berriak datozela edo esan nahi luke. Egun-ekin zerikusia duten beste hainbat hitzek bezala: eguarte, eguerdi, eguen, ostegun, egurats, eguraldi, egunsenti, … Hortaz, berez erlijio kutsurik gabea denez, proposatzen dut hitz horri dagokion lekua gordetzea. Eta parean, gabon, gabon gaua gabon eguna, gabonak… ostegun izango genituzke, gure kulturan ongi sustraitutako hitzak. Ospakizunak dira, jaiak, baina horregatik deitura horiek ez ditugu arbuiatzen. Jaiak arbuiatu beharko genituzke. Herrietako jai gehienak ere santu/santaren izenean ospatzen dira. Eta munduko agnostikorik amorratuenak ere ez luke tripako min handirik izango ospakizunak onartzeko, izena gorabehera. (Parentesi artean: nire jardun inpertinente edo inpenitente honi amaiera eman baino lehen, duela urte batzuk bizitako pasadizoa kontatu nahi dizuet. Tenerifen oporretan ginela, Madalena jaiak ospatzen ziren herri batean portunatu ginen. Arratsaldea zen. Autoa bazterrean utzi eta Madalenaren prozesioa ikusten geratu ginen. Prozesioa halako karpa batean amaitu zen. Kantuak, musika, eta … manifestazio zibil-erlijioso hari zegozkion aurkezpen lanak egiten emakume heldu bat. Honela hasi zuen bere hitzalditxoa: “Amigos, bienvenidos todos a esta fiesta de la Virgen de la Madalena”. Ba ote zekien andre hark noren omenezko jaia ari ziren ospatzen? Ba ote zekiten han zeudenek Maria Madalena, Jesusen laguna nor zen?)
Aurten, egia da, ez dugu izango ohiko ospakizun handirik. Gabon gaua ‘gau-on-ospakizun’ gisa har dezagun. Eta gabon gauaren ostean eguberria. Egun berriari diosal egiteko ez da esfortzu handiegirik egin behar. Gauaren ostean etorriko da eguberria, aurten ez bada, hurrengoan.
Izan ongi. Aio!
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!