Egoera
Orain dela sei bat hilabete esan nuen kontu hau “di-da” pasako zela, eta, bistan da, ez nuen erabat asmatu. Uste dut orduan ere esan nuela ez zela hori jakintza zientifikoaren ondorio, ezpada asmo bat, nolabait orduan agertzen ari zen egoera beldurgarri horri aurre egiteko jarrera moduko zerbait.
Egun daukagun egoerari begiratzen diot eta ez dut jarrera hura aldatzeko arrazoirik ikusten. Ez dakit bigarren olatuan ote gauden, edo lehenengoaren bigarren zatian, edo hirugarrenenean. Ez dio axola. Gauza da: nork daki, benetan, non gauden eta zer bilakatuko den oraingoa? Agintariek ez dakitelakoan nago, inprobisatu egiten dute (batzuek uste dute den-dena planifikaturik dutela, edo aurreikusirik, nik ez dut halakorik ikusten. Ez naiz esaten ari batzuek ez diotenik egoerari probetxua ateratzen, ez, hori ere argi dago. Aukera edo egokiera bat sortu da eta batzuek probetxua ateratzen diote, baina ez da zehazki eta propio prestaturiko abagunea).
Ezkerrak, herritarrok, sistemaren aurkakook, gauzak bestela nahi izan nahi genituzkeen horiek guztiek gertatzen ari denaren inguruko egia zientifikorik ez dugulakoan nago. (Udaberrian eta ekaina inguruan askoz ugariagoak ziren fenomenoaren azalpen ofizialaren aurkako iritzi kritikoak, batzuk taxuzkoak, ebidentzia erabatekoak aurkezten zizkigutenak, eta, orain, gauzak mundu osoan zehar zer bilakatzen ari diren ikusirik, ez dut ikusten alde horretan horrenbesteko komentzimendurik.). Onar dezagun: gainditurik gaude, inork ez daki zehazki estrategia bakarrean eta modu planifikatuan zer egin daitekeen. A zein esparru labaingarria dugun.
Orduan, zer egin? Ez da gauzatu nik orduan aurreikusten nuena panorama. Onkeria guztietatik urrun, gutxienez ongizate-sistemaren eta zerbitzu publikoen aldeko jarrera politikoak sendotuko zirela seguru nengoen orduan, eta orain ematen ari garen erantzuna nolakoa den ikusirik, … kale. Egoera korapilatsua da, eta argi da azterketarako irizpide zaharra egiazkoa dela: beldurra nagusitzen bada, krisi sakoneko garaiak badira, kostatuko zaigu jendearen jarrerak norabide aurrerakoian kokaraztea.
Ez dakit noiz arte. Baina paranoiek, beldurrek eta bertigoek ez digute lagunduko. Sistemak egoera psiko-sozial horiek bultzatu ote dituen ez dakit (izan ere, ez dut uste). Baina giro sozial horrekin galtzaile goazela dudarik ez dut. Jarrerak, diskurtsoak, eguneroko praktikak gorpuzten ari den giro beltz edo gris honen aurkako norabidean koka ditzagun. Beldurra nagusituz gero, gureak egin du.
Di-da pasako da, bai. Egoerak gutariko asko kolpatuko ditu, bai. Osasun alorrean baldin bada, ezer gutxi egin ahal izango dugu. Alor sozio-ekonomikoan, aldiz, elkartasuna dugu lanabesa. Ekin diezaiogun. Ostalaritza txikia babestuz. Merkataritza txikia babestuz. Merkaturatze zuzenerako sareak babestuz. Inguruko lagunen behar inmediatoak artatuz. Auzo-mailako sareak berreraikiz. Ekonomikoki jota geratzen ari diren herri-sektore guztiak lagunduz. Gasta dezagun hor dirua. Eguneroko praktikan. Ezartzen ari zaizkigun arau batzuk desegokiak izan daitezke (nik buruan baditut horietako batzuk), eta desobedientzia-aukerak sor daitezke. Baina horiek bakarrik zaizkigu baliagarriak izango baldin eta munstroaren aurka efikazak garela erakusten badugu. Bestela, beldurra nagusituko da, eta horrek ez digu lana erraztuko.
Arduragabekeriatik ez, baina dramatismorik gabe bai. Agintariekin zorrotz, baina trantze hau ahalik eta hobekien pasatzeko gure armak gure jarrerak direla sinestuz. Eta kezkagarriak izaten ari diren fenomenoetan (kalearen desagerpena, militantziak kortozirkuitatuak, mobilizazioen bahiketa) hautabideak asmatuz, gutxienez lehenago genuen parte hartzerako aukerak berreskuratuz. Eredu estrategiko berri bat ez dadin ezar.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!