Dena lortuta zegoela? Ja!
Askotan errepikatu dugu azkenengo hilabeteetan LGTBI+fobiak gora egin duela, edo gutxienez, LGTBI+fobia kasu gehiago ezagutzen ditugula, zaila da jakitea indarkeria hau gora egin duela eta ezagunagoa dela, baina LGTBI+ pertsonengan beldurra eta amorrua nagusitzen hasi da.
Azkenengo urteetan LGTBI mugimendua, aktibismoaren bultzadarekin harrotu eta ahaldundu dela agerikoa da. 2005ean berdintasunezko matrimoniaren legearekin mezu bat helarazi ziguten, dena lortuta dago, eta mezu horrekin bat egin zuten LGTB erakunde eta federazio batzuk.
Mugimendu kritikoak oso argi zuen, berdintasunezko matrimonioa bereganatutako eskubidea zen, baina inondik inora ez zen borrokaren helmuga. Eta helmuga ez izatetik zenbait kasutan arazoaren parte ere bilakatu da, hein baten borroka transmaribibolloa irentsi eta kolektiboa bera normalizatzea izan duelako helburu.
Dena lortuta zegoela esan ziguten hoiek orain trans legearen oztopatzaile nagusiak dira, gay kolektiboa lehen lerroan jarri eta arautik kanpo geratzen diren gainontzeko kolektiboak ez ikustaraztea bultzatu eta baztertu dituztelako.
Eta egoera honetan LGTBI+fobiaren ezagutza geroz eta haundiagoa da, geroz eta beldurgarriagoa da, badira kaleetatik, aisialditik, lan mundutik eta familietatik botarazi nahi digutenak, jazarpena momentu guztietan eta toki guztietan ematen delako.
Eta askotan galdetzen digute, zein den erasotzailearen profila, eta nire ustez Laia Serra abokatuak oso argi adierazten du galdera horrekin bilatzen den erantzuna dela “laborategiko kasu” bat azaltzea, non erasotzailea gizon gihartsu bat beisbol bate batekin irudikatzen duena, eta gure imaginarioan hau horrela da ezin dugulako onartu erasotzailea gure senitarteko bat dela, edo lankide bat, edo militantzia gurekin konpartitzen duen norbait.
Gauzak horrela zaila da ezagutzea zein den LGTBI+fobiaren egoera, hau ezagutzeko saiakerak egiten ditugun arren, eta azterketa kolektibo bat egiteko intentzioarekin gaur arratsaldeko 6,30etan Simone de Beauvoir elkarteen etxean LGTBI pertsonen topaketa bat antolatu du Ikusgunek, elkarrekin eta ezagutzen dugunarekin egoeraren azterketa bat egiteko asmoarekin.
Amets Martinez de Heredita (Lumagorri)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!