Demagun ondarea zerbait axola zaigula
Demagun Erdi Aroan hirigutuna jasotako hiri batean bizi garela. Demagun, gainera, ondarea zaintzen dugula eta kultura turismoa erakartzen dugula esateko ohitura dagoela hiri horretan.
Demagun hiri horren inguruan, ohikoa izaten zela monasterioren bat egotea, done Praisku, izan zitekeena adibidez.
Demagun XX. mendearen lehen hamarkadetan eta ondarearen babes legeak lege, monasterioa bota zutela, orubea salduta irabazi inmobiliarioa egiteko.
Demagun XXI. mendearen 20. hamarkadaren atarian, hiriko udalak obra batzuk egitea erabakitzen duela, demagun igogailu bat, ranpa batzuk eta errepide desbideratze bat, dena demagun oso modernoa, eta demagun, kasualitatez, monasterioa zegoen lekuan egin nahi dituela. Demagun eskualdeko ondare langileek esaten diotela aztarnak agertuko zaizkiola eta demagun arkeologo batzuk kontratatzea onartzen duela, legeak agintzen duelako eta oso plasta jarri zaizkiolako eskualde langileak eta ezer ez dela agertuko esperantzan. Demagun aztarnak, egon behar zuten lekuan agertzen direla eta eskualde langileek proposatzen diotela proiektua aldatzea eta esaten dutela ezetz hiritarren izenean. Demagun Indianajonesek komunikabideetara jotzen duela eta hanka sartze batzuk egiten dituen arren, ondare horren garrantzia azaltzen duela (demagun, beste jakitun batzuk zuzentzen dizkiote, zaska batzuk emanez sare sozialetan); baina demagun horrek belaun batzuk dardaraka jartzen dituela. Demagun orain hiritarren onerako aztarna horiek babestuko direla. Demagun pozgarria dela denontzat ondarea babestu delako.
Demagun…
Demagun zirkunstantzia antzekoetan dela done Txomin monasterioaren ingurua (hiriaren beste aldean). Demagun han ere lan batzuk geratu behar izan dituztela eskualdeko ondare langileek. Demagun ez dela komunikabideetan atera…
Jaione Agirre García
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!