Déjà vu
Datorren astean Amurrioko Galder eta Gasteizko Aitor epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. Deja vu moduko bat, baina oso bestelako testuinguru batean. Aspaldian, presoen arazoa korapilatzera etorriko zen beste epaiketa bat. Gaur egun, nire ustez, drama pertsonal bi, baina panorama politiko orokorra baldintzapeko gaitasunik gabeko kontua. Preso politikoen afera konpontzera doan estrategia aski aurreratua dago, eta honen bezalako zitalkeriek lor dezaketen gauza bakarra pertsona batzuen (epaituko dituzten biak eta euren etxekoak eta lagunak) egunerokoa eta bizi egitasmoak izorratzea da. (Horrek, baina, ez du esan nahi asuntuak garrantzirik ez duenik. Seguru naiz euren abokatuak sano arituko direla kondenarik egon ez dadin edo ahalik eta txikiena izan dadin. Helburua argia da: presoen kopurua beherantz ari den honetan, ez dadila rebroterik izan, .. nahiz eta estatu sakona deritzogun hori horretan saiatzen ari den, argitu gabeko krimenen aitzakiaz).
Eta hau guztia gaurkotasunak ekarri dit mahi gainera, nire asmoa beste kontu baten inguruan hausnartzea zabaltzea zenean. Gaia, baina, zaharturik geratu da. Arkillos 10 dei dezakegun hori. Arazo zehatza albo batera utzirik, argi dago Gasteizen ez zegoen fenomeno politiko bat hasi dela instalatzen, bere benetako tamaina neurtzen zaila zaidan arren -kontu hau, beste baterako utziko dugu.
Gasteizera beste txoko batzuetatik etorri ginenok hemen estilo politiko ezberdin bat topatu genuen, bertoko osaketa soziopolitikoaren ondorioa. Ezker Abertale Ofizialistatik dezente urrun, baina une askotan osagarri. Somatzen dut azken urte hauetan distantzia hori areagotu dela, eta horren arrazoiez aritu izan gara inoiz hemendik ere. Gauza da une honetan bi ildo edo estilo politiko ezberdin horiei beste bat jarri zaiela parean, eta azken honek bi estilo klasiko horiek etsai hartzen dituela, gainera aurrekoak bi izan beharrean zinez bakarra direla ulertuz. Gasteizko errealitatea ez dutela ezagutzen erakusten du nahasketa horrek, nire ustez. Baina egia da bi mugimendu zaharrek, zehazki okupazioaren inguruko kontu hauetan, nolabaiteko izpiritu bat partekatzen dutela (bere gorabehera guztiekin ere): estatuari lapurtzen zaizkion terrenoak dira hauek, korronte ezberdinetako kideek erabiltzekoak, aniztasuna onartuz eta apropiaziorik gabe, hala edo nola. Langile Kontrolpeko Guneen filosofia oso bestelakoa dela begi bistan da. Baina, esan dezadala, ezin da etsaitasun terminoetan ulertu.
80. eta 90.eko hamarkadetan Gasteizen hain sendoa zen estilo hura aldatuz doa, halabeharrez. Jendartea asko aldatu da eta berezkoa da gaurko belaunaldiek gauzak bestela egitea. Eta nago ongi legokeela hausnarketatxoa egitea, zaharruno zertan geratu den zehazteko, eta nola berriztatu daitekeen asmatzeko. Ezker Abertzale berriak bere hausnarketa behar du, bai, baina definigaitza baina identifikagarria den Gasteiz style horrek bere burua, neurri handian, berrasmatu behar duelakoan nago. 16 urteren bueltan dauden neska mutilak dira hemen protagonista, eta eurena da etorkizuna. Gaztetxeak etorkizuneko alderdi komunistaren harrobia edo oinarria izan daitezkeen ideia arrotza zaigu askori. Gazte askori ere.
Eta, horretan, lagungarria izango da errepresioaren aurkako borrokan indarrak ez xahutzea. Utzi Aitor eta Galder etxean. (Eta, bide batez. Ozta-ozta orain dela bi urte Galderren txukunen etxearen aurka tiroa bota zuen polizia nazional horrek ez luke deus ere espetxean egingo. Espetxeak husteko unea da).
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!