“Blokeatuta” -Jaione Agirre-
Jules Verne handiak “Kazetari amerikar baten eguna 2889. urtean” idatzi zuenean XIX. mendean, bere ohiko imaginazioarekin eta argitasunarekin azaltzen zuen, nola komunikabide handi baten jabea zen munduan agintzen zuena etorkizunean.
Nire ustez, azken aldian, pasa gara ia inongo informaziorik ez izatetik, gehiegizko desinformazioa jasotzera.
Garai batean oso zaila zen zenbait gairi buruzko informazioa jasotzea eta bilatzea, eta, jakina, gai horiek ez ziren aurkitzen gehiengoari iristen zitzaizkigun komunikabideen bidez. Alegia, gutxi iristen zen eta, jakina, pertsona jakin batzuek (boteretsuek) nahi zutena, salbuespenak salbuespen.
Gaur egun, aldiz, “informazioz” bonbardatuta gaude. Alde guztietatik iristen zaigu (sakeleko telefonoa daramagu alde guztietara eta horri begira pasatzen dugu eguna: sare sozialak, egunkari eta aldizkariak, blogak, eta abarrak; ehundaka telebista kate ditugu…). Baina, horrek ez du esan nahi hobeto informatuta gaudenik.
Zabor ugari iristen zaigu eta hori filtratzen eta ezabatzen pasatzen dugu denbora gehiena. Artikulu interesgarri bat aurkitu orduko, mila oztopo jartzen dizkigute hori irakurtzea zailtzeko: iragarkiak, konexioaren arazoak, harpidetzak, lotura berrietara salto egiteko tentazioa… Batzuetan lortzen dugu nahi duguna irakurtzea, baina zoritxarrez, ez zaizue gertatu, ordu pare bat eman izana pantailari begira eta begira, eta gero ez izatea argi zer ikusten eta irakurtzen izan zaren edo zein zen irakurritakoaren muina? Niri sarritan.
Horri gehitzen badiogu, azken aldian irakurri dudan moduan, datu faltsuak ematea dela politikari zenbaiten bidea (eta ez bakarrik politikariena), datu horien egiazkotasunaz eztabaida antzuetan gal gaitezen eta ez benetako eztabaidagaietan…
Gainera, internetek eta berarekin daukagun harremanak sortzen digun gero eta kontzentrazio txikiagoak (dena oso azkar irakurri nahi dugu, labur eta zehatz) eta batzuetan oso zaila dela datuak onak diren kontrastatzea (ikerketa lanak direnean ere, zeren inoiz begiratu ahal duzue zeinek finantzatu dituen eta horrek zelan eragin ahal dien emaitzei?).
Ba, zer esango dizuet, ni, batzuetan, blokeatuta sentitzen naiz… arrain urdina edo eguzkilore olioa onak edo txarrak diren jakin gabe, alegia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!