Bizitza osoa zigorpean
Errepikakorra da gaia, konpondu gabeko arazo errepikakorra den heinean. Presoez eta iheslariez ari naiz, eta zehazki euskal preso eta iheslari politikoez.
Ez dira hutsetik atera, ez dira gaizkile izatetik atera herri izatetik baizik, Euskal Herri nahi izatetik hain zuzen.
Jaio nintzenean honetan zegoen gaia, pixkanaka neureganatzen joan nintzena; gordina zen egoera. Hirurogei ta zazpi urte geroago kartzelak bete, euskal borro—-riz beteta, asmatu ezinik “euskal” horri ze izenondo ipini, hitzak ere ondo neurtu behar bait dira epaitua izan nahi ez baduzu behintzat (horretatik ere pasatu gara).
Senitartekook badakigu noraino heldu daiteken mina, amorrua, ezintasuna,…; babesten gaituen inguruak, herriak ere bai. Ekimenak, ekintzak etengabeak dira, laguntza ere bai, garra ezin da itzaltzen utzi, guri berotasuna emateko eta askatasunaren bidea argitzeko.
Baina argi dago ez dela nahiko. Zer espero dezakegu bere hitza betetzen ez duten estatuetatik eta beraien laguntzaile bilakatzen diren hainbat agintari politikoetatik?
84 euskal preso politiko euren etxe inguruetako kartzeletara hurbildu gabe jarraitzen dute, noiz hurbilduko dituzten jakin gabe.
Beste hainbat iheslari euren herriaz amesten, itzuli ezinik eta guztiek ere bertako egoera sozio-kulturala irudikatu nahian, euskal kultura hurbilagotik bizi ahal izateko eskubiderik gabe.
Ez da ezer berria, gauza jakinak dira, behin eta berriz entzun ditugunak eta entzuten jarraitzen ditugunak baina behingoz konpondu behar direnak eta ez soilik presoak eta iheslariak hurbilduz, etxeratuz edo askatuz, erabaki eta konponketa politikoak behar dira, herri honen askatasun gosea asetuko dutenak.
Sahara, Palestina, Ukrainia,… ez daukagu urrutira joan beharrik martxan jartzeko. Egoera guztiak dira larriak eta gure lana premiazkoa baina ondo legoke guretik hastea, herri indarrak batzea eta aurrera jotzea, behingoz erabakigarriak izan gaitezen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!