Bidean galdu, bidean utzi, desbideratu
Hemen gara ostera ere. Ez dugu asko aurreratu azkenekoz elkarrekin egon ginenetik. Gero eta nahasiago ikusten dut neure burua, eta ondorioz, besteak ere nahastuak ikusten ditut. Orokorra da, nonbait.
Duela egun batzuk, Benito Lertxundiren aspaldiko kanta bat entzun nuen irratian. Irratietan eta abarretan gustuko dugun kanturen bat ematen dutenean, maiz ez diote uzten azken konpasera iristen, betegarri gisa sartzen dutelako edo. Eta han gelditzen gara frustratuta, irratiko ordu seinaleak entzuten, geure gustuko musika piezaren amaieraz gozatzen utzi gabe. Baina ez, lehengoan amaitu arteko gozamena izan nuen: ez zuten moztu. Beste batzuetan belarrietan trabatua bezala gelditzen zitzaidan kantua. Oraingoan neu gelditu nintzen sukaldeko zoruari kateatuta, zutik, prestatzen ari nintzen espresoari begira. Ez nekien, baina orduan jakin nuen kanta horren letra eta musikaren egilea Urbeltz zela: zorionak musikagile bikain horri eta zorionak berarekin batera Sabino Arana fundazioaren saria jaso zuten beste sarituei ere. Zori oneko neu ere, zergatik ez, aspaldiko kantu triste eta eder horretaz berriro gozatzeko eta tristeagotzeko aukera ere eman zidalako Euskadi Irratiak. Egun osoan izan nuen nire burmuinean kantuaren errepika:
“Oi Baldorba!
esazu nor zen bidetik
baztertu zintuen madarikatua”
Ederra. Norbaitek bidetik baztertu zuen nonbait Baldorba, bere eliza eta paraje zoragarriak, noizpait bizi-bizi izandakoak. Zenbat herri, zenbat bazter, duela urte mordoxka bat jendearen bizileku zirenak eta ez nolanahikoak, bide ondoan zirenak, bidetik baztertuak. Etxeek, herriek, bizitokiek bidea behar dute. Biderik ezean bizitzerik ere nekez. Zenbat bazter zoragarri, zenbat herrixka polit ditugun, hutsik eta erdi hilik, gure inguruan, bide gabe eta modu bidegabean. Bide erosoak, ziztu bizian ibiltzekoak behar ditugula erabaki genuen, trenak ere berdin, trenbide azkarrak. Hiriak gero eta handiagoak, baina itogarriagoak ere bai.
Behar beharrezkoak ditugu bideak, baina norabait eramateko izan behar dute, bizitza dagoen lekuren batera, ez basamortura. Erosotasunaren, gauzak eskura errazago izatearen truke, omen, bidetik bazterrago gelditzen da jendea. Eta ez gara ohartzen zeinen inportanteak diren bideak. Konturatu zarete inoiz zeinen garrantzizkoa den euskaraz bide hitza eta, horrenbestez, kontzeptua bera ere?
Pentsa dezagun , adibidez, txertoen banaketa dela eta susmopean dauden enpresa horietaz. Desbideratu hitza entzun diogu norbaiti. Alegia, zegokien bidetik beste batera aldatu ote dituzten susmoa ere badute batzuek. Ez dugu jakin ahalko. Birusari aurre egiteko hain premiazko diren txerto horiek epe jakin baten barruan eskuratzeko kontratua sinatu bide zen, baina betetzeko orduan… ai ai ai: beste batek agian prezio hobea eskaini eta hasieran negoziatu zutenek ezin lortu hitzartutako epeak betetzea eta txerto kopuruak mugonez jasotzea? Hori, jakina, ez da egia, ez baitago frogatzeko biderik. Erreklamatu dute… bai, baina uste duzue onargarria dela jendaurrean aurkeztu duten kontratuaren atal batzuk erabat ezabatuta erakustea? Hor ere argira eramango gintuzkeen bidea zaborraz bete digute eta egia ezagutu ahal izateko bidetik baztertu gaituzte. Merkantzia desbideratu ez badute, bidezkotik gutxi duen joko bat erakutsi digute behintzat hiritarroi: kusi duguna ez da oso itxurosoa izan.
Denok dakigu bide horiek denak ez direla errazak. Ordea, bidegabekeriarekin ez gara urruti iritsiko. Eskubideak ere bere bidea du, hitzaren barnean berean: geure askatasuna aldarrikatuz besteen eskubideak ezin ditugu urratu.
Azken urte honetan jasotzen ari garen ekaitzak zerbaiterako balio behar ligukeela uste dut. Nahasmena sortzen digu giro petral eta kontraesankor honek. Gauzak nahasten zaizkigu eta gogoratu ezinik ibiltzen gara maiz…, baina, esango nuke, gauza berriak ere ikasten ditugula. Nik neuk ikasi uste ditudan gauzen artean bat da hezkuntzak, maila guztietan, duen garrantzia. Eta min hartzen dut jende bat hainbeste sufritzen ari denean, beste batzuk dena hankaz gora botatzen nola saiatzen diren. Edukazio problema. Batzuk bidean galdu dira, beste batzuk atzean utzi ditugu. Ikasi egin behar dugu eta horretarako bide berriak eskaini. Asko dago egiteko, asko dugu ikasteko: guztietarako bideak bilatu edo eraiki behar dira. Eta bestalde, zientzian eta ikerketan, egiten den baino askoz gehiago egin behar litzatekeela uste dut. Bada zeregina.
Hala biz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!