Bi gehi bi, zer dira?
Bi gehi bi lau direla sinestarazi digute. Eta horrela da. Kontua da beti ote den horrela. Adibidez, bi madari gehi bi sagar, zer dira? Lau madari-sagar? Lau fruta? Beste adibide bat: bi ertzain gehi bi guardia zibil, zer dira? Lau ertzain-guardia zibil? Baten batek esango luke ezin direla nahastu txurrak eta merinak, eta izatekotan lau polizia direla esango luke; baina polizia nazional batek baino gehiagok esango luke eurak ez direla guardia zibilak eta are gutxiago ertzainak, eta bakean uzteko. Agian baten batek esango luke lau txakur direla… eta animalien babeserako ordezkariak esango luke ez nahasteko dobermanak eta txiuauak.
Beste adibide bat: zer dira bi drogadikto eta bi alkoholiko? Lau zabor-ale direla ausartuko litzateke moralistaren bat; edo lau gaixo, katoliko bat; baina ez dira lau gaixo normalak, gehituko luke katoliko moralista batek, ez dira minbiziak, esaterako, sortutako gaixoak.
Bi gehi bi ez dira beti lau. Hori sinestarazi nahi dizuet nik. Aurreko batean, Mercedeseko bi ordezkari eta Gasteizko Udaleko bi ordezkari batu dira, enpresaren hedatze asmo baten bueltan.
Zer dira, ba? Lau ordezkari? Norenak? Enpresarenak? Orduan , zer esaten ari gara? Gasteizko Udalak lan egiten duela Mercedes Benz enpresaren onerako?
Udalaren ordezkari? Orduan, zer esaten ari gara? Hauteskundeetan alderdiak aukeratu beharrean enpresak aukeratzen ditugula?
Bi gehi bi, kasu honetan, enpresaren milioiak ez ote diren nago. Eta okerrena, milioi horiek ez dira zatitzen zatiketa proportzional batean: hainbeste etekin zati hainbeste langile hainbeste diru buruko.
Baina ez, lau zati bi ez da beti bi.
Pablo Pagegi
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!