Bertso bati hesiak
Aurten ere, ezin izan dut Arabako Bertsolari Txapelketaren finala bertatik bertara ikusi. Horregatik, iragan martxoaren 30ean, ETBko gaueko albistegietara itxaron behar izan nuen leihaketako irabazlea nor izan zen jakiteko. Telebistako berri-mailearen bidez, beraz, jakin izan nuen Iñaki Viñaspre izan zela zorioneko txapelduna. Esatatiak halaxe iragarri eta jarraian Abetxukokoaren azken agurraren irudiak jarri zituzten. Bertso egitura xelebre batean Viñasprek hurrenez hurren zerrendatu zuen nori ez zion txapela dedikatu behar, eta zergatik; eta azken punturako utzi zuen sorpresa: nor izango zen dedikatoriaren onuraduna. Baina orduan, nire harridurarako, telebista publikoko errealizadoreak, modu nabarmenean, moztu egin zuen bideoa; eta ezin izan nuen misterioa argitu. Ez zitzaidan gehiegi kostatu, baina. Sare sozialetara jo eta segundu batzuen buruan asetu nuen nire jakinmina. Bertsolariak preso dauden bi bertsozale gasteizterri eskaini zien saria: Iratxe eta Ekaitzi. Horixe izan zen ETBko arduradunek ezkutatu nahi izan zutena.
Bertsolaritza ondo dago, arin-arin dantza leihaketa, erriberako jota txapelketa, edota Falcesko entzierroa bezala ikuskizun folkloriko hutsa denean; baina bertsolariek mezu subersiboren bat darabiltenean guraizea sartzen diete hedabide publikoan.
Bertso txapelketatik egun batzuetara, eta antzokitik metro gutxitara, Mikel Saenz de Buruaga Hala Bedi irratiko kazetariak epaile aurrean deklaratu behar izan zuen Eusko Jaurlaritzak ezarritako salaketa batengatik. Honi artazia bakarrik ez, mozal legearen pisu osoa jaurti nahi izan diote zama gainera. Erreportaria Errekaleor auzoan zebilen Ertzaintza sartu eta auzuneko argindarra mozteko ahaleginetan ari zela, oldarraldiaren berri zuzenean ematen. Kazetari bakarra zen une eta leku hartan eta arma arriskutsua zuen esku artean: sakelako telefonoa. Polizia autonomikoak ekidin nahi izan zion gertakizunen testigantza jasotzea, harek eman zezakeen mezua ere subersiboa zelakoan.
Bertsolariari azken puntua moztu nahi izan ziotenak komunikabide libre bati informatzea galarazi nahi izan dioten bertsuak dira, telebista zein indar errepresibo publikoen gainean ardura politikoa daukatenak, eta ezeroso suertatzen zaien edozein mezu guraizekadaz desagertarazi nahi dutenak. Baina alferrik ari dira. Beti izango da zirrikitu bat azken mezu horren berri izateko. Ez bertso bati ez uhin hertzianoei, ezin zaielako hesirik jarri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!