Batzuk lasterka, beste batzuk Korrika
Batzuk lasterka, beste batzuk Korrika
Korrikak egin du bere aurtengo bidea. Bi urterik behin, arrakasta gero eta handiagoarekin. Gasteizen amaiera eta jai bikaina azken igande honetan. Euskal Herriko hainbat bazterretatik bildutako jendeak ongi ospatu zuen. Alderdikeria politikoetatik urrun mantendu da euskararen aldeko festa ikaragarri hau. Baina, jakina, hizkuntzaren aldeko mezu politiko nabarmena zeraman eskuz-esku eraman den lekukoak.
Alderdi politikoak ere aspaldi dabiltza lasterka, hauteskunde haizeak lagun.. Eta ahoberokeriak eta bestelako keriak ugari. Nire irudiko, luzeegi doa kanpaina. Eta egun bakoitzak eskaintzen digu barrena nahastu eta odola irakiten jartzen digun zerbait. Aspalditik ari da España una, grande y libre delako horren aldeko zenbait berbalapiko euskara eta beste hizkuntzak mintzagai dituztela, hizkuntza koofizialen kontra, hizkuntza bakoitzari bere lekua ziurtatu nahian bezala: espainol ahalguztidunak gainean behar du, omen, hori praktikan hala ez balitz bezala, eta besteak, ofizialkideak, nagusiaren menpean, subordinatuak behar dute. Baina azken egunotan gehiago zehaztu dute beren ideia. Ez da bakarrik hizkntza koofizialak espainolaren menpeko izan behar dutela. Ezin onartuzkoa dela diote hizkuntza koofizailak espainolaren gainean ezartzea. Gaztelania diskriminatua omen dago. Gaixoa gaztelania! Euskara, katalana… zapaltzaileak. Zauria egin baino lehen zapitxoa jartzea bezala da hori. Alegia, adarra jotzea. Besterik ez. Txarrena da holako ideiak, edo hobeki esanda, okurrentziak, kaleratzen dituztenean horrek botoak galarazi beharrean, boto gehiago emango dizkiela uste dutela. Horrek ematen dit zer pentsa. Inozo aurpegia jartzen zaigu holakoak entzutean. Nahiko burukomin badugu euskaldunok geure hizkuntzari arnasa eman eta iraun araztearekin, albotik, dena alde duen edozein txoropito gure hizkuntzarekin zer egin behar dugun edo zer egin dezakegun esatera etorri gabe. Erabilpenaren aldetik hizkuntza nagusiaren azpian aurkitzen den hizkuntza koofiziala hizkuntza nagusiaren gainean dagoela sinistarazi nahi izatea ere … gogorra da. Adibide bat jartzeko: larrialdietako telefonora deitzen duzu, istripu bat izan duzulako; beharbada, lehenbiziko solaskidea euskaraz mintzatzeko gai izan daiteke, baina bigarrenarekin hitz egin behar duzunean, seguru asko erdaraz aritu beharko duzu, agian telefonoaren bestaldean dagoenak oraingoan euskara nahikoa ez dakielako. Eta jakina, holakoetan: osasuna jokoan denean, hizkuntza gorabehera, badaezpada ere, bide seguruena laburrena hautatzen dugu. Euskara aldi oro eta nonahi erabili ahal izateko eskubidea ez dago ziurtatua eta ez nago ziur inoiz izango ote den ere. Orduan, badaezpada ere, erdaraz egin behar. Hori euskaldun guztiok aitortzen dugu eta horrela jokatzen dugu. Hala iruditzen zait. Beraz, ez dakidala inor etorri esaten, identitate hitza baliatuz, gure hizkuntza gainetik ezarri nahi dugula. Euskarari eta gainerako hizkuntza koofizialei zein errol esleitzen zaien argi dago. Zenbait politikoren lasterketa badakigu zein den, beranduegi baino lehen bideak itxi, eta gauzak alderantziz ikus arazi.
Baina politikarien lasterketa honez gainera, beste lasterketa bat ere bada, euskararen aldeko lasterketa, Korrika, alegia. Eta hemen aipatu nahi nuke aurtengo Korrikak azken momentuarte gorderik eraman duen mezua. Maialen Lujanbioren bihotz-ahoetatik iritsi zitzaigun mezu hori. Bikaina: hitz ondo neurtuak, esanahi zuzenekoak, asmo argikoak. Ez testu arina. Sakona eta pentsaraztekoa bai. Ederra benetan.
Eta nire prediku hau amaitzeko hona hemen testu horretatik hautatu ditudan zenbait ahapaldi. Baina nire gomendioa da osorik irakurri eta ahal baduzue kantatzea. Interneten erraz aurkituko duzue. Hona hemen ahapaldi batzuk:
KLIKA! Hizkuntza ez da edukitzekoa.
Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika.
Beraz, KLIKA!
instalatu eta elika!
Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa.
Euskarak behar du herri honen Sistema Eragilean.
Memoria handiko lur honen
hizkuntza beti eguneratua,
eta software librekoa.
…
Ez dut jarraituko. Eskura duzue Internet-en, osorik. Aste santuko egun hauetan gogoeta egiteko aski gai baduzue. Kantatzeko aukera ere bai. Zeren bertsolariak dioen moduan: Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi.
Hemen entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!