Gure amak beti esan izan ohi du egun bat izatea ez dela gauza ona izaten. Zerbait falta delako edo sobera dagoelako izaten dela. Egoera normalizatu batean ez egotearen seinale izaten dela eta normalean egun horretan egiten den aldarria egunero egin beharreko aldarria izaten dela. Igandean, azaroaren 25a izan da. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna. Egun horretan eta asteburu osoan zehar ekimen ezberdinak egin dira Euskal Herriko herri askotan eta manifestazio jendetsuak ere bai.
Egun honen harira eta informatu asmoz, hilketa matxisten mapa atera du Berria egunkariak. 98 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik dio letra nahiko handiz mapara sartzeko dagoen lehen orriak. Biktimen mapa jartzen duen linka dago eta hori klikatuz gero, Euskal Herriko mapa ageri zaigu puntu morez beteta. 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako guztiak (ofizialki behintzat). Mapa hori, gure mapa hainbeste puntu morez betea ikusteak gorpuzkera oso txarra uzten du. Nahi izanez gero, urtez urte zenbat hilketa izan diren ikusteko aukera ere ematen du, herrialdez herrialde edo adinka. Puntuak klikatutakoan, berriz, puntua izen-abizen bihurtzen da eta nork eta nola hil zuen emakumea agertzen da eta gertaeraren inguruko berria:
2003ko apirilaren 1a Dora Angulo Guagua 39 urte. Antsoainen bikotekideak hil zuen, bizkarretik labana sartuta, etxean. Alaba bortxatzeagatik zigortu, eta kartzelaturik zegoen; baldintzapean aske zegoela hil zuen emakumea. Epaitu egin zuten gizona, eta hamazazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2005eko urriaren 10a Aintzane Garai 32urte. Bakio eta Armintza arteko itsaslabarretan aurkitu zuten hilotza. Bi egun ziren emakumea desagertu zela; labankadak zituen gorpuak, baina ez oso larriak. Odolustuta hil zela ondorioztatu zuten. Haren mutil lagun ohia atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiak agertu zuen bortxatu ere egin zuela hil aurretik. 32 urte eta erdira zigortu zuten gizona. Eta horrela urtez urte 2018rarte. Azkena Euskal Herrian urriaren 23an Iruñean izan zen. Yolanda Jaen Gomez 50 urte. Gizon batek su eman zion etxe bati, Iruñean, urriaren 16an. Sute hori sortuta, bikotekide zuen andrea hiltzen saiatzea egotzi zion epaileak, eta kartzelatu egin zuen. Emakumea handik astebetera hil zen, Zaragozako (Espainia) ospitale batean, sutean egindako zaurien ondorioz. Gizonak aurrekariak zituen, eta urruntze agindua ere jarri izan zioten, nahiz eta hilketaren garairako iraungita zegoen.
Datu beldurgarriak dira hauek guztiak. Hilketak dira ageri direnak baina horiez gain emakumeen aurka izan diren hainbat indarkeria matxista falta da. Salatutakoak edo gabeak. Horiek guztiak kontatuezinak dira baina kontatu beharrekoak den-denak.
Alaitz Amundarain
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!