“Ate aurreko begiradak” -Mikel Ayllon-
Labrit ez da etxera itzuli. Etxeko txirrina jo zuen azkena ez zen bera izan. Egun hartan, atearen beste aldean, goiko bizilaguna zegoen, gatz pixka bat ote geneukan galdezka. Bai, bai, gatz pixka bat. Ni ere sinetsita nengoen horiek filmetako gauzak zirela, baina ez, han zegoen bera, amantala bat jantzita, kristalezko pote txiki bat niregana luzatuta, prestatzen ariko zen dilistak sutan abandonatuta, emaztearen zain, beharbada, lanetik noiz etxeratuko, harekin bazkaldu eta eguneko miseriak elkarri kontatzeko.
Edo, agian, hura guztia nire imajinazioaren fruitu besterik ez zen izan. Akaso, ateko txirrina jo ziguna eta oin-zatarraren gainean zutik zegoena, Abdul zen, guretzat jolasleku den itsaso zabal bat txalupa narras batean igaro ondoren, atez ate eskean ibiltzen dena, hortzez betetako irribarre zabal batekin.
Edo ez. Ateko txirrina zapaldu zuena, igual, Amazonen erositako liburu bat zekarren mezularia izango zen, solairuz ekibokatuta, beheko bizilaguna izaten baita Durangoko azokara behin ere joaten ez dena, baina ehunka liburu erosten dituena multinazional zakar horretan, eta denak irakurtzeko, gainera.
Edo, beharbada, ni naiz ekibokatuta dagoena, eta txirrina jo eta jo zebilena Telmoren lagun astun hori zen, izena ere akorduan ez dudana, baina lau urtean behin etxean agertzen zaiguna, beti aitzakia berarekin, ez duela bertso txapelketako finala ikusteko sarrerarik lortu eta ea ahal duen gurekin eseri sofan, finala telebistan ikusi eta olatua egiteko, berak ere sentitu nahi duela hitzez esplikatu ezin den zera hori, hitzez esplika ezin daitezkeen gauzak baleude bezala, eta euskal olatuaren parte izan nahi duela berak ere bai.
Baina, igual, uste nuena baino zoroago nago eta dena izan zen nire imajinazioaren eragin huts. Izan zitekeen inork ez jotzea etxeko txirrinik. Beharbada, nire buruak asmatu zuen gure goiko bizilaguna eta haren sukaldean erretzen ari ziren dilista gatzgabeak, nire imajinazioan soilik lekua zeukan emazte baten esperoan. Abdul ere, akaso, nik asmatuko nuen, igual sekula ez zelako kostalderaino bizirik iritsi, eta itsasoko olatuetan jostari zeuden ume batzuk aurkituko zutelako haren gorpu puztua, noragabe eta hotz. Amazonen mezularia ere nire asmazioen fruitu izango zen, gure beheko bizilaguna hutsik egin gabe autoa hartu eta urtero joaten baita Durangora, erromesaldian, eta besapeak bete liburu itzultzen baita, handiak, txikiak, gorriak, urdinak, horiak, orri asko eta gutxikoak, baina denak eder-ederrak apalategian. Eta Telmoren lagun jasanezina ere, baliteke, nire buruak irudikatutakoa izatea, ez baita sekula etorri gure atera, beti lortzen baitu, lau urtean behin, bertso txapelketako finala ikusteko sarrera, are bera delako beti lehenengo olatua abiarazten duena, bidaiarik luzeenak ere beti hasten direlako pauso txiki batekin, eta behin honaino etorrita, bidaiak ezin duelako izan txikia eta itsusia, eta beti izan behar duelako handia eta zoragarria.
-Labrit ez da inoiz itzuliko -bota dit Telmok, nire buru barruan filmatzen ari nintzen pelikula ikusi ahal izango balu bezala. -Eta nik ere alde egingo dut halako batean, zure irudimenak ipuinak asmatzeari uzten dionean behingoz.
Mikel Ayllon
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!