Arabako Historia objektu arkeologikoen bidez I: Idolo Espatulak
Gaur oso gogoko ditudan objektu batzuei buruz hitz egitera nator: idolo espatuei buruz.
Idolo espatulak hezurrez egindako pieza batzuk dira. Neolito Aroan egin zituzten, ardi edo ahuntz tibiak erabilita. Tibia hezur horiek landu, leundu eta apaindu egin zituzten, espatula forma emateko.
Ebakidura lerro batzuk dituzte markatuta, eta apaintzeko ez ezik, errazago heltzeko ere balio zutela uste da. Esan izan da larru edo soka bat lotzeko eta zintzilik eramateko ere balioko zutela ebakidura horiek eta oratzea errazteko. Horrez gain, bestelako apaindurak ere badituzte.
Bibat Arabako Arkeologia Museoan erakusgai daudenen artean, San Martin trikuharrian topatutakoak forma biribileko mutur oso bat dauka oraindik (burua irudikatuko lukeena) eta ebakidurek, irudikatzen duen pertsonaiaren arropa edo jantzia. Gainera, bi konkor txiki ditu buruaren azpian, bularrak adieraziz, eta, beraz, emakume irudi bat izan daitekeela uste da.
Araban guztiak trikuharrietan aurkitu dituzte, baina uste da ez zirela oso objektu arruntak eta pertsona jakin batzuen hilobiratze hatu edo ostilamentuen objektu nabarmenak izan ziren. Uste da erabili zituen pertsonarekin hilobiratu zirela edota objektu oso preziatuak izanik, une batean, pertsona oso berezi batekin batera lurperatu zituztela familiako erlikia gisa. Hori pentsa genezake San Martin trikuharrian Barandiaran eta Fernandez Medranok indusi zituztenean, trikuharriaren maila baxuenetan agertu zirelako, baina zorte ona izan dugu eta datatu egin ahal izan da eta lurperatuta agertu den giza hezurrak baino zaharragoa delako.
Baliteke erritu funtzioren bat ere izatea eta gainera idoloak edo jainkoak irudikatzea eta, beharbada, espatula gisa erabiltzen zituzten hildakoen gainean okrea zabaltzeko edota beste erritual batzuk egiteko, baina ziur ez dakigu zertarako.
Hala ere, ezin dugu baztertu beste tresnen kirten edo heldulekuak izatea, Mediterraneoko zenbait lekutan etxeetan agertu baitira.
Araban hainbat trikuharrien indusketetan agertu ziren: Guardiako Los Llanos eta San Martin trikuharrietan (museoan erakusgai daudenak); Ipar Gurpiden (Anda-Katadiano, Kuartangon), Sorginaren Txabolan (Bilarren) eta Kurtzebiden (Letona, Zigoitian).
Iberiar penintsulako beste leku batzuetan ere, hala nola Burgosen, Zamoran, Valladoliden, Toledon eta Guadalajaran agertu dira horrelako objektuak. Horietako batzuek begiak zituzten, eta horrek indartu egiten du idolo funtzioaren teoria.
Objektu oso ezagunak dira, baina oraindik galdera asko ditugu erantzuteko, zientzia egitea galdera berriak egiten ikastea baita!
Jaione Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!