Arabako Arkeologia Objektuak X: Bigarren Burdin Aroko Golde muturrak
Neolito Aroa eta hori adierazten duten elementuak (zeramika, adibidez) Araba eta Euskal Herrira duela 6.500 urte inguru iritsi zela dokumentatuta dago eta Arabar Errioxako arpeetan abereak (etxekotutako animaliak) gordetzen zirela dakigu.
Nekazaritza ere garai horretan iritsi zen, baina palinologoek diotenez, geroago Brontze Aroan hasi ziren basoak bereizki soiltzen Europa Mendebaldean eta, beraz, pentsa genezake, orduan hasi zela nekazaritza ekonomiaren arlo garrantzitsuenetakoa bihurtzen.
Hori horrela, Araban topatu diren lehen goldeak Bigarren Burdin Arokoak dira (La Hoyan, Guardian aurkitutakoak), duela 2.400 urte ingurukoak.
Neolito Aroaren “iraultza” deitutakoaren ondoren (horrela deitua produkzio eta ekonomia mota berriengatik, alegia, abeltzaintza eta nekazaritzarengatik), metalen “iraultza” ere gertatu zen, alegia, duela 4.500 urte inguru gure lurraldean, metalak erabiltzen hasi ziren tresnak eta apaingarriak egiteko. Gizakiak, lehenbizi, urrea eta zilarra urtu zituela uste da eta ondoren kobrea, bigunak eta tenperatura baxuetan urtzen zirelako. Geroxeago, kobrea, estainuarekin aleatu zuten, indartsuagoa zen brontzea lortzeko. Azkenik, duela 3.000 urte inguru, Burdin Aroan, burdina lantzen ikasi zuten erremintak eta armak egiteko (apaingarrietan brontzea erabiltzen jarraitu zuten). Burdina ezin zen urtu eta berotu eta kolpeka ematen zitzaion forma (Behe Erdia Aroa arte, duela 600 urte inguru, ez baitziren eraiki burdina urtzeko tenperatura lortuko zuten labeak).
Bitxia da, Bigarren Burdin Aroko erreminta eta tresna horiek ikustea, esate baterako, golde muturrak. Golde muturra lurra lantzeko (goldatzeko) asmatu zen tresna izan zen eta gaur egun arte erabili dena. Areago, XX. mendera arte ia aldaketarik ez zuen izan golde muturrak (golde osoaren barianteak asmatu ziren arren). Horregatik egiten zaigu bitxia. Berdin gertatzen da beste hainbat tresna eta erremintekin, milaka urtetan aldatu ez direnak (aitzurrak, labanak etab.). Tresna horiek ez badira haien testuinguru historikoan aurkitzen (indusketen bidez), ez dago jakiterik zein garaitakoak diren (Burdin Arokoak, Antzinatekoak, Erdi Arokoak, Aro Berrikoak…), horregatik da garrantzitsua material horiek ondo indusita dokumentatzea, noizkoak diren jakiteko eta ematen diguten informazioa noizkoa den jakiteko, besteak beste.
Arabako herriak Erdi Aroan golde muturretan ordaintzen zuten zergarengatik ere egin ziren ezagun eta horregatik dakigu XI. mende hasierako dokumentu batengatik, gaur egun ditugun herri asko eta asko X. mendean bazirela, Done Miliaga Kukuilakoari zerga ordaintzen ziotelako golde muturretan XI. mende hasieran… Alegia, aurkitu diren Arabako lehen goldeak eta 15 mende geroago.
Tresna xumeek gure arbasoen berri oso garrantzitsuak ematen dizkigute, beraz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!